San Lorente egunerako egitarauak prest dituzte Beizaman eta San Lorente auzoan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 6a

Ume batzuk eta ponia duela bi urteko San Lorente auzoko jaiegunean. (Maialen Etxaniz)

Zestoako eta Zumaiako San Lorente auzoko ermitan eta haren inguruan egingo dituzte ekitaldiak astelehen goiz eta eguerdi partean. Beizaman, berriz, arratsaldearen hondarrean ospatuko dute San Lorente eguna, ohiko moduan.

San Lorente eguna izango da astelehenean, abuztuaren 10ean, eta Beizaman eta egunaren izen berbera duen Zestoako eta Zumaiako auzoan prest dituzte festarako egitarauak. 

San Lorente auzoko ermitan 11:00etan egingo dute bailarako hildakoen omenezko meza. Ondoren, baselizaren atarian, umeentzako herri kirol jolasak eta Aitor Salegi eta Jon Maia bertsolarien kantaldia izango dira. Gainera, herritarrek sabela betetzeko parada ere izango dute; izan ere, pintxoak eta txakolina dastatu ahal izango dituzte, musikaz lagunduta.

Beizaman, berriz, arratsaldearen hondarrean egingo dituzte ospakizun ekitaldiak. Urtean zehar hildako beizamarren aldeko meza izango da San Lorente ermitan, 19:00etan hasita, eta gero, afari-merienda egingo dute elizaren atarian. Mokadua egin nahi dutenek aurrez abisatu beharko diote Maritxu Arteagari (630 54 50 88). 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide