Eskualdeko errepideak zeharkatu ditu Donostiako Klasikoak

Andoni Elduaien 2026ko abuztuaren 1a

Goiz-eguerdi partean igaro da txirrindulari lasterketa eskualdetik. Hainbat lagunek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira eguneko protagonistak.

Gizonezkoen Donostiako Klasikoa lasterketak Urola Kosta eskualdea zeharkatu du gaur, larunbata. Donostiako Alderdi Ederretik abiatu da proba, eta Gipuzkoako hainbat igaro dituzte dagoeneko, tartean eskualdeko Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitia. 221,1 kilometroko ibilbidea ari dira osatzen txirrindulariak, eta orotara, zazpi mendate igo eta esprinteko bi gune igaro beharko dituzte.Hainbat lagunek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira eskualdeko herrietara iristen aurrenak; bi-hiru minutu artean igaro da tropela.

Lasterketaren 16. kilometroan sartu da proba eskualdera Oriotik, eta segidan, Zarautz (11:45), Getaria (11:50) eta Zumaia (12:00) zeharkatu dituzte txirrindulariek, harik eta Arroabean (12:05) eskualdea utzi duten arte. Itziar eta Deba aldera jo dute orduan protagonistek, eguneko lehen mendatea egitera: txirrindulariek 3. mailako Kalbario mendatea igo dute Mutrikutik Mendarora egiteko. Mendarora ailegatzean, Elgoibar aldera hartu dute txirrindulariek, baina herri horretara zuzendu beharrean, Azkarate mendatera sartu dira; izan ere, Elgoibar eta Azkoitia lotzen dituen 3. mailako bigarren mendate horri egin diote aurre partaideek.

Azkarate atzean utzita, 13:05 inguruan ailegatu dira aurreneko txirrindulariak Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidetik Azpeitia alderako errepidea hartu dute. GI-2634 errepidetik egin dute ziklistek bide hori guztia, eta zuzenean Urraki mendatera abiatu dira. Txirrindulariek 2. mailako mendate hori igoz utzi dute eskualdea, eta hala Tolosaldean sartu da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide