Beñat Gerekaren itsas esentzia Aquariumeko aretoan erakusgai

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 30a

Beñat Gerekaren 'Itsas geruzak' bildumako irudietako bat. (Beñat Gereka)

Bideogile eta argazkilari getariarrak Itsas geruzak argazki erakusketa zabaldu du Donostiako espazioan. Guztira, art trouvé joera artistikoko 21 argazki jaso ditu bilduman.

Getariak itsasoarekin duen loturaren gainean Itsasoak pizten gaitu dokumentala ondu zuen 2022an Zarauzko bizilagun Beñat Gereka bideogile eta argazkilari getariarrak. Proiektu horren bigarren proposamen artistikoa da orain Donostiako Aquariumen erakusgai jarri duen Itsas geruzak izeneko argazki erakusketa. Edonola ere, aipatu argazkiak eta mostra ez dira gaur goizekoak; aurrez, Donostiako La Central arte galerian eta Euskal Itsas Museoan paratu zituen, baita Zarauzko Arkami estudioan ere.

"Hasieran, Getarian bertan erakutsi nahi nituen, baina erakusteko espaziorik ez zegoenez, herriko paretetan itsatsi nituen kartel modura duela pare bat urte. Gauez aritu nintzen kartelak itsasten, eta hori izan zen irudiok erakutsi nituen lehen aldia", jakitera eman du. Orain, pauso bat haratago eman, eta Aquariumeko erakusketa aretora eman du jauzia; irailaren 20ra arte egongo da zabalik. "Aspaldi egin nuen bertan argazkiak jartzeko eskaera, baina normalean oso okupatuta egoten da espazioa. Proiektua onartu zidaten bere garaian, baina data aurtengo urterako eman zidaten", azaldu du sortzaileak.

Oinarrian, erakusketak betikoa izaten jarraitzen du, baina beste ukitu bat eman dio Gerekak, batik bat, argiztapenarekin jokatuz. "Leku bakoitzaren arabera, baliabideak ere ezberdina izaten dira. Kasu honetan, aretoa beltza da, oso polita, eta argiztapena jartzeko aukera ematen du. Era berean, ikus-entzunezko bat jarri dut, proiektuaren esentzia jasotzen duen making off-arekin, hain zuzen ere. Nolabait esateko, zerbait txukunagoa egiteko bidea eman dit espazioak".

Guztira, xehetasunez beteriko 21 argazkiz osatutako bilduma da Itsas geruzak, eta art trouvé deritzan joeratik edaten du. Joera horrek "egunerokotasunean topatzen ditugun objektuei kutsu artistikoa ematea" duela ardatz nabarmendu du getariarrak, eta askok eskulturgintzan zein kaleko elementuekin landu badute ere, berak argazkilaritza makroaren bitartez sakondu du, Getariako portuan begirada zorroztuz. Hala, txalupa, gurdi, arraun eta moilako hormetako ñabardurei bestelako ikuspegi bat eman die. "Oso detaile txikiak dira, begia asko fintzea eskatzen dutenak, eta normalean, oharkabean igarotzen direnak".

Sorterriari oso lotuta dauden elementuetan murgildu da Gereka: portua, arrantza eta itsasoa. "Puntu nostalgiko batetik begiratuta, desagertzen ari den bizimodu batek erakusten dizkigun argi eta kolore distiratsuak jaso ditut, eta horiek nola ari diren itzaltzen islatu nahi dut", azaldu du. Testuingurutik ateratzeko joko horretan, gainera, erabat abstraktu bilakatu ditu irudiak: "Hortik abiatuta, bakoitzak bere irudipena erabil dezake, eta interpretazioak egin".

Argazkilariak azaldu du erakusketaz orain arte jaso dituen iritziak positiboak izan direla, baina aitortzen du jendeak behar duela nolabaiteko jarrera edo interes bat horrelako erakusketa bat ikustera joateko. Ibilbide honetan Koldo Badillo argazkilariak asko lagundu diola jakitera eman du: "Lehen aldiz berari erakutsi nizkion argazki hauek, nik neuk ere ez bainekien zer neukan esku artean. Hark gidatu ninduen. Antzeko zerbait egiten zuen Aaron Siskind argazkilari estatubatuarraren berri eman zidan, eta harrituta geratu nintzen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide