Bizia, bere bidean

Iraia Oteiza 2026ko abuztuaren 5a

Ume jaioberri bat. (Utzitakoa)

Etxeko eta uretako erditzeek gero eta oihartzun handiagoa dute. Aukera horien alde egiten duten emakume eta profesionalen arabera, erditzea ez da haur baten jaiotza soilik, emakume baten eraldaketa ere bada. Segurtasunaz harago, denborari, lasaitasunari eta emakume bakoitzak bere erditzea bizitzeko duen eskubideari buruzko eztabaida ere mahai gainean jarri dute.

Umea jaio berria da. Emaginek ohean sartzea gomendatu diote Olatz Lazkanori, senarra alboan eta haurra besoetan dituela. Lasai daude hirurak, etxean. Ez dago korridorerik, ez presarik, ezta protokoloen presiorik ere. Haurrak oraindik ez dio amaren bularrari heldu, baina ez da ezer gertatzen, umea ondo dago. Emaginek mazedonia handi bat ekarri diote Lazkanori zerbait jan dezan, eta gustura hartu du. Lo egin dute gero hirurek. Esnatu direnean, jaioberriak bularra hartu du lehen aldiz. Etxean erditu du semea Lazkanok, eta dena ondo atera da.

"Ospitalean erditu izan banu, erditze ostea ez zen halakoa izango", dio Lazkanok. Bi semeak etxean erditu ditu azkoitiarrak, eta aitortzen du erditzea bera bezain garrantzitsua izan dela berarentzat erditze osteko lehen orduak bizitzeko modua.

Erditzeaz hitz egiten denean, sarritan minaz hitz egiten da. Arriskuaz. Larrialdiez. Askoz gutxiagotan, ordea, konfiantzaz, denboraz edo lasaitasunaz. Horixe da, hain zuzen, etxeko eta uretako erditzeen alde egiten duten profesionalek eta familiek mahai gainean jarri nahi dutena: erditzea ez dela soilik prozedura mediko bat, bizitzako esperientzia sakon eta eraldatzaileetako bat baizik.

Lazkanok ama izan aurretik hartu zuen etxean erditzeko erabakia. Artean ez zegoen haurdun ere. Emagin gisa formatzen hasi berria zen, eta erditzeak ikusten zituen heinean bere erditzea nolakoa izatea nahiko zukeen planteatzen hasi zen. "Erditze goxoa nahi nuen, ahal zen neurrian, esku hartze gutxirekin", azaldu du. Bere inguruko askok ez zuten erabaki haren berri izan. Gurasoei eta ahizpari ere ez zien kontatu: "Banekien amari beldurra emango ziola, gaizki pasatuko zuela, eta sufrimendu hori aurreztea erabaki genuen senarrak eta biok".

Olatz Lazkano erditze lanetan, senarrarekin, etxean. (Utzitakoa)

Pasarte horrek belaunaldi ezberdinen arteko arrakala txiki bat ere erakusten du. Duela urte batzuk etxean erditzea zen ohikoena, baina askotan beste aukerarik ez zegoelako. Ondoren etorri ziren ospitaleetako erditze medikalizatuagoak: episiotomiak, indukzioak, mugitzeko aukerarik gabe ohean erditzen igarotako orduak. Lazkanoren arabera, aurreko belaunaldien erditzeak "oso krudelak" izan dira. "Mutur batetik besteraino igaro ginen: emakumeen zein umeen egoeraren inguruko informaziorik gabe etxean erditzetik prozedura medikoz jositako ospitaleetako erditzeetara. Gaur egun, bien arteko oreka bilatzen saiatzen ari garela iruditzen zait. Behar denean esku hartu behar da, baina ez beti".

Horixe da, neurri batean, Barbara Harper estatubatuarrak ere defendatzen duena. Uretan Erditzeko Nazioarteko Ikerketa Zerbitzuaren sortzailea da Harper, eta lau hamarkada baino gehiago daramatza uretako jaiotzak ikertzen. Azpeitian izan berri da inguruko emagin eta ginekologoei uretako erditzeen inguruko ikastaro bat eskaintzen. "Urak mugitzeko askatasuna ematen dio emakumeari. Erlaxatu egiten du. Eroso sentiarazten du", dio Harperrek. Eta erditzean, haren ustez, erosotasuna ez da xehetasun txiki bat, funtsezko baldintza baizik.

Harperrek maiz azpimarratzen du erditzearen inguruan eraiki den kontakizunak beldurra duela oinarrian. Filmetan, telesailetan edo albisteetan, erditzea sarritan larrialdi egoera gisa agertzen da: korrika ospitalera doan emakumea, oihuak, mina, alarma eta premia. "Gizarteak erditzearen beldurrez bizitzera bultzatzen ditu emakumeak", dio.

Bere lanean, haurdun dauden emakumeei ariketa bitxi bat proposatzen die. Haurdunaldiari, erditzeari, amatasunari edo edoskitzeari buruz dituzten beldur guztiak idazteko eskatzen die. Guzti-guztiak. Ondoren, beldur horiek banan-banan lantzen dituzte. "Zer gertatuko litzateke hori benetan jazoko balitz? Nola sentituko nintzateke? Nori eskatuko nioke laguntza? Zertan oinarritu nezake nire konfiantza?".

Helburua ez da beldurra desagerraraztea, beldurrarekiko harremana eraldatzea baizik. "Erditze lana garunean hasten da, belarrien artean, hanken artean hasi baino lehen", adierazi du Harperrek.

Olatz Lazkano. (Iraia Oteiza)

"Burua ez badago prest eta pentsamenduetan bueltaka badabil. erditzea zailagoa da"

Olatz Lazkano

Olatz Lazkano ere antzeko ondorio batera iritsi da. "Emakume askok gorputza prestatzen dute erditze unerako, fisioterapiarekin, ariketekin, ikastaroekin, irakurriz... eta oso ongi iruditzen zait. Baina burua ez badago prest, eta pentsamenduetan bueltaka badabil, erditzea zailagoa da". Haren ustez, erditzearen gakoa, zati batean behintzat, arrazionaltasuna albo batera uztea da, "burua itzaltzea eta senera itzultzea".

Lazkano emagina da lanbidez ere. Mendaroko Ospitalean lan egiten du, erditzeak artatuz. Erditzeetan ere antzeko zerbait ikusten duela dio. Emakume batek bere buruarengan konfiantza duenean, babestuta sentitzen denean eta behar ez diren esku hartzeak saihesten direnean, gorputzak hobeto lan egiten duela.

Uretako erditzeak

Barbara Harperrek milaka erditze ikusi ditu mundu osoan zehar. Hala ere, urte hauen guztien ondoren, uretako erditzeen inguruan gehien harritzen duena ez da teknika bera, emakumeengan ikusten duen aldaketa baizik. "Uretan sartzen direnean, askotan aurpegia aldatzen zaie erditzen ari diren emakumeei. Sorbaldak erlaxatzen dira, arnasa moteldu egiten da, eta gorputza askatzen hasten da", dio Harperrek.

Urak ez du erditzea desagerrarazten. Ez du minik kentzen. Baina emakume askori erditze aurreko uzkurdurekin laguntzen die. Urak grabitatearen pisua arintzen du, mugimendua errazten du, eta intimitate handiagoa sortzen du askotan. Hori dela eta, mundu mailan gero eta ospitale gehiagok erabiltzen dituzte bainuontzi terapeutikoak erditze geletan.

Harperren arabera, erditzearen fisiologia ulertzea da gakoa. Haurra bederatzi hilabetez likido amniotikoan bizi izan dela gogorarazten du maiz. Jaiotzean, berriz, arnasa hartzen duen haur bihurtzen da. Trantsizio hori modu naturalean gertatzeko prestatuta dagoela dio. "Erditzearen fisiologia normala ulertzen denean, erraza da onartzea urak amari laguntzen diola eta haurrarentzat ere ingurune leuna izan daitekeela".

Euskal Herrian ere gero eta ezagunagoa da baliabide hori. Osakidetzako hainbat ospitalek bainuontzi bereziak dituzte dilatazio garaian erabiltzeko eta minaren kudeaketan laguntzeko. Mendaroko Ospitaleak, esaterako, bi bainuountzi ditu helburu horretarako, eta baliabide hori erabiltzea sustatzen du baldintzak betetzen dituzten emakumeen kasuan.

Hala ere, Lazkanoren erditzeetan, urak ez zuen protagonismo berezirik izan. Lehen erditzean bainuontzia prestatu zuten etxean eta hainbat aldiz sartu zen bertara, baina gorputzak beste zerbait eskatzen ziola sentitu zuen. "Emaginek esaten zidaten ura laguntzen ari zitzaidala, baina ni zutik sentitzen nintzen erosoen. Gorputzak zutik jartzeko eskatzen zidan". Bigarren semearekin, berriz, bainuontzia puztu ere egin zuten, baina haurra hain azkar jaio zen, ez zuten hura betetzeko astirik ere izan.

Barbara Harper. (Iraia Oteiza)

"Uretako nahiz etxeko erditzeek ospitaleko erditzeen pareko segurtasun maila daukate"

Barbara Harper

Esperientzia horrek berak erakusten du erditzeen inguruan askotan ahazten den zerbait: ez dagoela errezeta bakarrik. Emakume batzuek uretan aurkitzen dute lasaitasuna; beste batzuek mugimenduan; beste batzuek bikotekidearen eskua estutzean; eta beste batzuek ospitale baten segurtasun sentsazioan.

Hala ere, denbora da etxeko erditzeak aukeratzen dituzten emakume askok gehien aipatzen duten elementuetako bat. Ospitaleetan, protokoloek eta baliabideen antolaketak erritmo jakin batzuk eskatzen dituzte. Etxean, berriz, denbora beste modu batera igarotzen dela sentitzen dute askok.

Lazkanoren hitzetan, bere bigarren haurdunaldian agian etxean erditu ezingo zuela pentsatu zuenean, tristurarik handiena ez zion erditzea ospitalean egitearen ideiak eragin. "Erditze ostea etxean lasai egin ahal ez izateak ematen zidan penarik handiena", azaldu du.

Ospitaleak ere aldatzen

Azken urteetan, gainera, erditzearen inguruko eztabaida bera ere aldatzen joan da. Duela hamarkada batzuk, etxeko erditzea eta ospitaleko erditzea ia kontrajarritako bi eredu balira bezala aurkezten ziren maiz. Gaur egun, ordea, gero eta profesional gehiagok uste dute bien arteko muga ez dela hain zorrotza.

Izan ere, ospitale askotan ere erditze fisiologikoa eta errespetatua sustatzeko neurriak hartu dituzte. Emakumeek mugitzeko askatasun handiagoa dute, erditze planak aurkezteko aukera, azala azalarekin kontaktuan egotea sustatzen da eta, zenbait zentrotan, uraren erabilera ere gero eta ohikoagoa da dilatazio garaian. Lazkanoren ustez, eztabaidaren muina ez da emakume guztiek toki berean erditu behar duten ala ez erabakitzea. "Helburua da emakume bakoitzak bere egoerara egokitzen den aukera izan dezala, informazioarekin eta errespetuz lagunduta".

Horregatik, etxeko nahiz ospitaleko erditzeen alde egiten duten profesional askok hitz bera erabiltzen dute gero eta maizago: aukeraketa. Erditzea non izango den baino lehenago, emakumeak nola bizi nahi duen galdetu behar dela, alegia.

Eta, segurtasuna?

Etxeko erditzeen inguruko eztabaidetan, segurtasuna izan ohi da lehenengo galdera. Horregatik, etxeko erditzea ez da normalean intuizio hutsez edo azken uneko erabaki baten ondorioz egiten den hautua. Haurdunaldian zehar balorazio medikoak egiten dira, arrisku faktoreak aztertzen dira eta erditzea etxean egiteko baldintzak betetzen diren egiaztatzen da.

Lazkanoren arabera, arrisku txikiko haurdunaldietarako pentsatutako aukera da. "Ez da edonorentzat eta ez da edozein egoeratan egiten", azaldu du. Haurdunaldiaren bilakaera, amaren osasuna, umearen egoera eta ospitalerainoko distantzia bezalako elementuak kontuan hartzen dira. Baldintzak aldatzen edo zalantzak sortzen badira, ospitaleko erditzea izaten da gomendioa.

Olatz Lazkano bainuontzian, senarra eta emagina lagun dituela. (Utzitakoa)

Era berean, etxeko erditzeetan ospitalerako lekualdatzeak ere aurreikusten dira. Erditze guztiak ez dira hasieran pentsatu moduan amaitzen, eta profesionalek aukera hori hasieratik izaten dute kontuan. Kasu gehienetan lekualdatze horiek ez dira larrialdi egoerengatik egiten, erditzearen bilakaerak hala gomendatzen duelako baizik. Horregatik, etxeko erditzea aukeratzen duten familiek aurrez ezagutzen dute nola egingo luketen ospitalerako bidea, non egingo litzatekeen lekualdaketa eta zer egoeratan hartuko litzatekeen erabaki hori.

"Batzuetan etxeko erditzea eta segurtasuna aurkako kontzeptuak balira bezala aurkezten dira, baina segurtasuna da, hain justu, erabakiaren oinarrietako bat", dio Lazkanok. Haren hitzetan, erditze mota bakoitzak ditu bere onurak eta mugak, eta gakoa informazio osoa izatea da, emakume bakoitzak bere egoerari egokitutako erabakia hartu ahal izan dezan.

"Jende askok uste du etxean edo uretan erditzea automatikoki arriskutsuagoa dela, baina hori ez da hala arrisku txikiko haurdunaldietan. Are gehiago, uretako nahiz etxeko erditzeek ospitaleko erditzeen pareko segurtasun maila daukate", gaineratu du Harperrek.

Munduko Osasun Erakundeak ere erditze esperientzia positiboa sustatzearen alde egin du azken urteetan. Emakumearen autonomia, informatutako erabakiak hartzeko eskubidea, mugitzeko askatasuna eta errespetuzko arreta dira erakundeak azpimarratzen dituen elementuetako batzuk.

Baina etxeko eta uretako erditzeen inguruko eztabaidaren muina ez dago soilik estatistiketan eta protokoloetan, ezta bainuontzietan ere. Horiek baino lehenago dator beste zerbait, Harperrek eta Lazkanok behin eta berriz errepikatzen dutena: konfiantzaren garrantzia. Konfiantza gorputzak erditzen badakielako, konfiantza umeak jaiotzen badakielako, konfiantza alboan dauden profesionalengan, konfiantza bikotekidearengan, baina, batez ere, konfiantza norbere buruarengan.

Horregatik, Lazkanok bere lehen erditzeaz gehien gogoratzen duena ez da semea non jaio zen. Ez da etxea bera. Ez da logela. Ezta erditzea ere. Mazedonia ontzi bat da. Senarra alboan. Jaioberria besoetan. Goxotasuna. Lasaitasuna. Eta presarik gabeko uneak. Agian horregatik, etxeko eta uretako erditzeen alde egiten dutenek ez dute hainbeste leku jakin baten alde hitz egiten. Denboraren alde hitz egiten dute, lasaitasunaren alde, eta emakume bakoitzak bere erditzea bere erritmoan bizitzeko duen eskubidearen alde. Izan ere, zenbat espazio uzten zaio emakumeari bere erditzea bizitzeko?

Azken batean, jaiotza bakoitza bakarra da. Batzuk ospitalean izango dira. Beste batzuk etxean. Batzuk uretan. Beste batzuk ez. Baina gero eta ahots gehiagok gogorarazten dute erditzea ez dela haur baten etorrera soilik, emakume baten eraldaketa ere badela. Eta eraldaketa horrek, askotan, lasaitasuna, denbora eta konfiantza eskatzen ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide