Malekoia berritzeko lanak kalterako izango direla ohartarazi du Greenpeacek

Intza Trula 2026ko uztailaren 24a

Zarauzko malekoian obrak egiten, Munoako begiralekuaren aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Erakunde ekologistak kaleratutako Destruccion a Toda Costa 2026 ikerketak dio malekoian egiten ari diren lanek ez dituztela denborale gogorrak geldituko. Kontrara, olatuen inpaktua biderkatu dezaketela dio, eta, ondorioz, malekoiaren %30 desagertu daitekeela 2050. urterako. Oriok "uholde arrisku handia" duela ere badio txostenak, baita Getariako Gaztetape hondartza desagertu daitekeela ere.

Zarauzko malekoia da protagonistetako bat Greenpeacek kaleratutako azken ikerketan, baina ez arrazoi on batengatik. Erakunde ekologistak kaleratu berri duen Destruccion a Toda Costa 2026 ikerketak gogor kritikatu ditu malekoia berritzeko obrak: txostenak ohartarazi du paseoa berritzeko erabiltzen ari diren zementuak ez duela denborale gogorrei aurre egiteko balio. Kontrara, obrek olatuen inpaktua biderkatu dezaketela dio, eta, beraz, 2050. urterako malekoiaren %30 desagertu daitekeela.

Era horretan, erakundeak zalantzan jarri ditu hondartzako malekoia birmoldatzeko inbertitutako 1,5 milioi euro publikoak, eta ohartarazi du eraikitzen ari diren egitura zurrunek "hondarraren dinamika naturala" alda dezaketela, "olatuek hirigunean duten inpaktua handituz".

Zehazki, txostenaren arabera, olatuek horma zurrun baten kontra talka egiten dutenean, horiek duten indarra ez da apaltzen, baizik eta errebotatu egiten dute. Horren ondorioz, olatuek harea gehiago eramaten dute, eta malekoiaren zimenduak ahultzen dituzte apurka-apurka.

Eremu gehiago arriskuan

Zarautz ez ezik, Urola Kostako beste bi herriz ere hitz egiten da Greenpeacen Destruccion a Toda Costa 2026 ikerketan: Orioz eta Getariaz, hain justu ere.

Orion, esaterako, "uholde arrisku handia" dagoela ebatzi du ikerketak. Getarian larriagoa da egoera. Izan ere, erakunde ekologistaren arabera, itsasoaren maila igotzen ari da, eta horrek Gaztetape hondartza desagertzea ekarri lezake.

Halaber, hegalaburra gizentzeko Getariako uretan kokatutako instalazioak ere aipatzen dira txostenean. Horiek itsas hondoak kutsa eta desoreka ditzaketela salatu du Greenpeacek, "isuri organikoak, antibiotikoak eta pentsuak egiteko arrain basatiak gehiegi ustiatu direlako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide