Futbolerako eta saskibaloirako ez ezik, igerirako ere bada zaletasuna Azpeitian. Ikusi besterik ez dago, ume, gazte zein heldu, zenbat jende ibiltzen den Izarraitz igeriketa elkartearen bueltan; eta elkarteko kide izan gabe ere, dozenaka zenba daitezke egunero-egunero igerilekura joateko ohitura duten herritarrak. Bainujantzia, txanoa eta betaurrekoak jantzita igerilekuan joan-etorrian ibiltzen dira denak, baina arrazoi eta helburu desberdinekin. Batzuek, gorputza aktibo izatearren egiten dute igeri, gustuko kirola horixe dutelako; beste batzuek, medikuaren eta gurasoen aginduz, derrigorrean; badira txapelketak jopuntuan jarrita jarduten dutenak, denborak hobetzeko intentzio garbiarekin; eta badira neguko hilabeteetan igerilekuaren babesa bilatzen dutenak ere, udaberriarekin itsasora jauzi egiteko aukeraren zain, hori delako benetan gustatzen zaiena. June Altuna eta Rebeca Larrañaga azpeitiarrak eta Koldo Larrañaga aspaldi azpeitiartutako azkoitiarra azken multzo horretako kideak dira, negua ur gaziaren egarriz igarotzen duten lehorrekoak.
June Altunak duela bi urte probatu zuen zer zen itsaso zabalean igeri egitea, Ondarroako (Bizkaia) itsas zeharkaldian parte hartu bezperetan. 11 urte zituen orduan, 13 ditu gaur, eta azken asteetan bi zeharkaldi irabazi ditu, Ondarroakoa eta Zumaiakoa. "Zumaiakoan, nire kategorian, hiru bakarrik ginen; beraz, hasterako ziurtatuta neukan podiuma. Ondarroan, berriz, nire kategoriako zaharrenetakoa nintzen", azaldu du, bere lorpenei garrantzia kendu nahian bezala. Dena dela, aitortu du ausardia puntu bat behar dela itsasoan igeri egiteko, eta horregatik izan daitekeela itsasoko probetan horren gaztetxo gutxik parte hartzea, igerilekuan egiten diren txapelketetan horrenbestek parte hartzen duten bitartean. "Igerilekuan igeri egitea eta itsasoan egitea oso gauza desberdinak dira. Askok beldurra diote itsasoari, eta ez dira gai lasai igeri egiteko. Neuri, ordea, askoz gehiago gustatzen zait itsasoan ibiltzea, askoz entretenigarriagoa egiten zait". Gainera, ukatu egin du igerilekuan baino gehiago nekatzen denik. "Egunak izaten dira, itsasoaren baldintzen arabera. Kontra ari bazara, bai, nekagarria izaten da, baina beste batzuetan oso erraz joaten zara. Igerilekuan baino azkarrago noanaren sentipena izaten dut nik".
Rebeca Larrañagak ibilbide luzeagoa du itsas zeharkaldien arloan. Duela hamasei urte egin zuen estreinakoa, Getaria-Zarautz proba. "37 urte nituen, bi seme-alabekin Getariako hondartzan nengoen, Zarautzera begira jarri nintzen, eta neure artean pentsatu nuen zein ederra izango zen haraino igerian joatea". Halaxe, "bi aldiz pentsatu gabe", izena eman zuen Getaria-Zarautz probaren hurrengo edizioan. "Ez dakit zer mugitu zen nire barruan, baina erabat harrapatu ninduen itsasoan igeri egiteak". Igerilekuan ibiltzea gutxietsi gabe, itsasoak hitzez azaltzea zail egiten zaizkion sentipenak eragiten dizkiola esan du. "Igerilekuan ere gustura ibiltzen naiz, azkenean, igeri egitea delako gustatzen zaidana. Baina itsasoan aske sentitzen naiz, gozatu egiten dut, sekulakoa egiten ari naizenaren sentipena izaten dut". Baldintzak zakarragoak diren egunei ere "beren xarma" topatzen die: "Egun horietan itsasoak zeure lekuan jartzen zaitu, eta hori ere ederra da".
Hamasei urteotan dozenaka probatan parte hartu du, eta batean baino gehiagotan igo da podiumera; azkena uztailaren 12an, Ondarroan, bigarren eginda. "Gozatzeari garrantzi handiagoa ematen diot sailkapenari baino, baina gustatzen zait noan lekura ondo prestatuta joatea". Hori horrela, maiatza noiz iritsiko egoten da itsasoan entrenatzen hasteko. "Zeharkaldien denboraldira sasoian iristeko entrenatzen dut, baina batez ere, itsasoan igeri egitea plazera delako". Egutegi finkorik gabe, saiatzen da inguruko herrietako zeharkaldietan parte hartzen. "Euskal Herritik kanpora sekula ez naiz ibili, baina hemen inguruko proba gehientsuenetan parte hartu izan dut, eta hala nahi nuke aurrerantzean ere".
Koldo Larrañagak, hiruretan beteranoenak, bai, Euskal Herriko probetan ez ezik, kanpoko hainbatetan ere parte hartu izan du itsasoan igerian daramatzan 25 bat urteotan. "Emaztearekin oporretara joan izan naizen askotan, berak lekua aukeratu izan du eta nik data, zeharkaldiren bat parean egokitzeko". Lagunekin ere hara eta hona ibilitakoa da Larrañaga; esaterako, behin baino gehiagotan joandakoa da Gironara eta (Katalunia), hango zeharkaldietan parte hartzera. "Iaz joan ginen, aurten ere bai... Probaren aitzakian, egun batzuk lagunarte bikainean pasatzen ditugu, eta garaipenik onenak baino gehiago ematen digu horrek". Ziurtatu du beretzat saririk onena proba bukatu ostean lagunekin garagardo batzuk hartzea izaten dela, eta probaren sailkapen orokorrari baino garrantzi handiagoa ematen diotela autoko onena izateari. "Hori izaten dugu helburua. Ba al dakizu bueltako bidaia zer gozoa izaten den autoko onena izan eta gero?".