Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Zarauzko Udalak ez zuela legez kanpo jokatu Talaimendiko Amezti etxea urez hornitzeko lizentzia eman zuenean. Aiako lurretan dagoen txaletak behin-behineko eraisteko agindua du.
Zarauzko Udalak 2015eko abuztuaren 17an onartu zuen, alkate dekretu bidez, Amezti etxea urez hornitzeko lizentzia. Ordurako, txaletaren aferari lotutako lau prozesu judizial zeuden abian, eta baimen hori legez kanpokoa izan zitekeelakoan, 2020an auzitegietara jo zuen Podemos Equo Berdeak taldeak. Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak, ordea, baztertu egin zuen salaketa 2023an, eta koalizioak helegitea aurkeztu zuen ebazpen horren kontra. Oraingoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusia izan da Podemos Equo Berdeak taldeak abiatutako auzibidea bertan behera utzi duena, berretsiz Zarauzko Udalak ez zuela arau hausterik egin Amezti etxea urez hornitzeko baimena eman zuenean.
Auzitegiak ebatzi duenez, Zarauzko Udalari ez zegokion Amezti etxea eraikitzeko lizentzien legezkotasuna aztertzea ur hornidura esleitu ala ez erabakitzeko, baimen horiek Aiako Udalak eman zituelako Gainera, epaiak zehazten du "eraikina eraisteak berak" indarrik gabe utziko duela ur horniduraren lizentzia.
Eraisteko agindua
Maite Garrastazu Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren familiak eraikitako Amezti etxearen aferan atal berri bat zabaldu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak uztailaren 8an emandako epaiarekin: 2025eko urtarrilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen, eta beraz, Aiako lurretan eraikita dagoen etxea bota behar dela ebatzi zuen, eraikinak Lurzoruaren Legea urratzen duelako. Epaia irmoa da, baina horrekin ez da amaitu hamarkada bat baino gehiago luzatu den prozedura judiziala: 2025eko urtarrilean ebatzi zuena berretsi edo ez erabaki beharko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Gorenean ez ezik epaitegi horretan ere aurkeztu baitzuten errekurtsoa Aiako Udalak eta Maite Garrastazu Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren familiak.
Litekeena da auzitegi horrek urtea amaitu aurretik ematea behin-betiko ebazpena, eta iazko sententzia berretsiko balu, irmoa izango da 11 logela eta beste hainbeste komun dituen txaleta eraisteko agindua. Horrela balitz, txaletaren sustatzaileei bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete, eta horrez gain, etxebizitza eraisteak nahiz Talaimendiko eremua eraikuntza egin baino lehen zegoen bezala uzteak eragingo lukeen kostuaz arduratu beharko lirateke.