Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute datorren igandean, hilak 26, Astigarragako Foru plazan. 18:00etan hasiko dute txapelketa, eta eskualdeko aizkolari horiekin batera ariko dira lehian Arkaitz Etxebeste, Ugaitz Mugerza eta Xabier Zaldua.
Aizkolariek hainbat enbor ebaki beharko dituzte: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko. Egur horiek guztiak aurrena mozten dituen lehiakideak jantziko du aurtengo Gipuzkoako txapela. Sei horietan azkena egiten duen aizkolariak, berriz, maila galduko du, eta bigarren mailan aritu beharko du datorren sasoian.
Palmaresean Mikel Larrañagak ditu txapel gehien; Azpeitiko aizkolariak lau bider jantzi du Gipuzkoako txapela, hain justu, 2014an, 2016an, 2021ean eta 2022an; Txikia IV.ak hiru bider irabazi du txapelketa hori: 2019an, 2023an eta 2024an. Otañok, berriz, iaz lortu zuen aurreneko aldiz Gipuzkoako txapela.