Izeta VI.a eta Xabat Olaizola sartu dira Euskal Pentatloi Txapelketaren finalera

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 20a

Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarra eta Julen Odriozola Txapei zestoarra ez dira irailaren 26an Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten finalera sailkatu. Jokin Urretabizkaia Basozabal, Ioritz Gisasola, Beñat Telleria eta Julen Kañamares dira final handia jokatuko duten beste lau kirolariak. 

Hamalau kirolari nor baino nor aritu ziren larunbat arratsaldean Villabonako (Gipuzkoa) Errebote plazan, Euskal Pentatloi Txapelketaren kanporaketan; horietatik lau Urola Kostakoak. Aiako Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k eta Zarauzko Xabat Olaizolak bai, horiek eskuratu zuten irailaren 26an Azpeitiko zezen plazan jokatuko duten final handirako txartela; Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarrak eta Julen Odriozola Txapei zestoarrak, ostera, ez zuten lehen sei lekuetan sartzerik lortu. Finalean izango diren beste lau kirolariak Jokin Urretabizkaia Basozabal, Ioritz Gisasola, Beñat Telleria eta Julen Kañamares dira. 

Txapelketa irabazteko faboritoa Izeta VI.a da, aurretik ere lau txapelen jabe izateaz gain, sasoi betean dagoelako; eta erakustaldia eman zuen larunbateko saioan. Aiarrari 11 minutu eta 47 segundo aski izan zitzaizkion 100 kiloko bolari hamar altxaldi emateko, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat egiteko, aizkoran kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebakitzeko eta kilometro bat korrika egiteko. Olaizola bigarren sailkatu zen 12:05 denbora eginda; Basozabal sailkatu zen hirugarren (12:53); Telleria, laugarren (14:32); Gisasola, bosgarren (14:26); eta Kañamares, seigarren (14:56).

Finalerako txartelik gabe, zazpigarren sailkatu zen Izeta V.a (17:01); zortzigarren, Beñat Amade (17:07); bederatzigarren, Jon Bengoetxea (17:29); hamargarren, Iker Goldarazena (17:41); eta 11. lekuan, Iñigo Zabala (18:16). Txapeik, Mikel Marijuanek eta Raul Zelaietak, berriz, ez zuten lortu lanak 20 minutuko denboran bukatzerik.

Kanporaketak ikus-min handia sortu zuen herritarren artean, eta herri kirol ekitaldiak erakarrita, 2.000 lagunetik gora bildu ziren Errebote plazan, hamalau kirolarien jarduna bertatik bertara ikusteko.

(Argazkiak: Oier Arregi eta Puntodemira.online)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide