Aurreneko aldiz Zarautzen egingo dute Mendi Duatloien Zirkuituko probetako bat

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 17a

Atzoko prentsaurrekoko une bat. (Zarauzko Triatloi Elkartea)

Atzo aurkeztu zuten Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitua aurtengo babesle nagusiaren egoitzan, Gran Camping Zarautzen. Zirkuituak bi proba berri izango ditu, horietako bat Zarauzkoa, eta jakinarazi zuten lasterketa berria kanpin horren eta Talai Mendi muinoaren inguruetan egingo dela. 

Zarautz Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan sartu da. Hala jakinarazi zuten atzo antolatzaileek Zarautzen emandako prentsaurrekoan. Zirkuituaren babesle nagusiaren egoitzan izan zen aurkezpena, alegia, Gran Camping Zarautzen, eta hain zuzen, herrian egingo den proba berria kanpin horren eta Talai Mendi muinoaren inguruetan jokatuko da. Data ere badu: irailaren 26a, larunbata. 

Zarauzko proba Zarauzko Triatloi Elkarteak bultzatu du, eta zirkuituko bederatzi probetako bigarrena izango da. Zirkuitua Gipuzkoan hasi eta amaituko da: Asteasun ekingo diete lasterketei irailaren 19an, eta Adunan bukatuko da, azaroaren 28an. Tartean Aiako proba egongo da, urriaren 24an, eta antolatzaileek azaldu zuten Zarauzkoaz gain beste herri bat gehitu dela aurten zirkuitura: Bidania-Goiatz. Azaroaren 21ean izango da hango hitzordua. 

Egutegi osoa egitea sustatu nahian

Antolatzaileek jakinarazi zuten berrikuntzak egongo direla araudian. Hala, aurten ezingo da probarik alde batera utzi. Hori bai, puntuazio sistema ere aldatu egin dute, eta hemendik aurrera irabazleak 25 puntu izango ditu, bigarrenak 20, eta horrela hurrenez hurren. Horri esker, proba batean kale eginda ere, besteetan parte hartuz gero, lehen adinako alderik ez da sortuko puntuetan. 

Ohi bezala, hainbat mailatan parte hartu ahalko da duatloi zirkuituan, baita bikote mistoetan ere, eta zehaztu dute aurten zirkuitu osoan ere bikote mistoen sailkapena aintzat hartuko dutela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide