Haurrei eta nerabeei zuzendutako robotika tailerrak antolatu ditu Udal Elkarteak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 19a

LH2 eta DBH1 mailen arteko ikasleei zuzendutako robotika eta programazio tailerrak eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak abuztuaren 31tik irailaren 4ra. Izena emateko epea irekita dago.

Urola Kostako Udal Elkarteak robotika eta programazioa ulertzeko eta praktikan jartzeko doako bi tailer antolatu ditu LH2 eta DBH1 arteko haur eta gazteentzat. Abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean izango dira saioak, Udal Elkartearen egoitza nagusian, 9:30etik 13:30era.

OpenLab ekimenaren baitan antolatutako saio hauetan, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 4. mailara arteko ikasleek olinpiar probetan inspiratutako hainbat erronka landuko dituzte. Oztopoak saihesteko gai diren robotak garatuko dituzte, engranajeak, sentsoreen erabilera eta programazioa ikasiz.

Bestalde, LHko 5. eta 6. mailetako nahiz DBH 1eko ikasleek zailtasun handiagoko erronkei egingo diete aurre. Besteak beste, zehaztasunez jaurtitzeko katapulta bat eraikiko dute, baita kargak manipulatu eta garraiatzeko gai den robot bat ere. Horretarako, ingeniaritza prozesua, programazio aurreratua, sentsoreen erabilera eta motorren kontrola landuko dituzte.

Izen-ematea

Interesdunek abuztuaren 24ra arte izango dute Urola Kostako Udal Elkarteak antolatutako saioetan izena emateko aukera. Horretarako, esteka honetan azaltzen den galdetegia bete beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide