Udaro egiten dituzte euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko martxak hondartzetan, eta aurten abuztuaren 2an Hego Euskal Herriko 11 hondartza hartuko dituzte herritarrek "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarriekin", gaur Donostian egindako prentsaurrekoan Sare eta Etxerat elkarteek azpimarratu dutenez. Azken urteetan, Orion egin izan da eskualdeko protesta; aurten, berriz, Zarautzek hartuko dio lekukoa. 12:00etan Musika Plazan elkartu, eta handik hondartzara egingo dute mobilizazioa Helmuga: denak etxera lelopean.
Gipuzkoan beste bi herritan ere izango dira aldarriak, Donostian eta Deban, hain zuzen. Bizkaian, berriz, Bakion, Ean, Lagan, Laidan, Lekeiton, Mundakan, Muskiz-Zierbenan eta Ondarrun elkartuko dira.
"Euskal gizartearen gehiengoaren nahi eta beharrak islatuko ditugu hondar eta olatu artean. Ez da nahia soilik, Euskal Herriaren behar gisa identifikatzen dugu iraganeko agertokiak atzean utzi eta elkarbizitza eszenatokietan sakontzea", esan dute agerraldian. "Lan horretan dihardugu azken urteetan eta konpromiso hori berresten dugu". Aurtengoak mobilizazio honen azken edizioa izan behar luke bi elkarteen ustez, "horrek erakutsiko lukeelako, espetxe politika arrunta aplikatuta, oraindik erregimen itxian jarraitzen duten presoak kalea zapaltzen hasi eta konponbidearen bidean sakontzen ari garela".
Erbestean diren herritarrez ere oroitu dira, eta argi dute ezin dela konponbide integralaz hitz egin "erbesteko auziaren konponbiderik gabe".
Hala, egoera aldatu bitartean mobilizatzen jarraituko dutela nabarmendu dute bi elkarteek.