3.800 igerilarik hartuko dituzte Getaria eta Zarautz arteko urak

Julene Sorrarain 2026ko uztailaren 15a

Pablo Cazalis, Inaxio Illarramendi eta Cristobal Rochas, itsas zeharkaldiaren aurkezpenean. (Julene Sorrarain)

Getaria-Zarautz eta Zarautz-Mollari-Zarautz itsas zeharkaldiak jokatuko dituzte asteburuan, parte hartze ikusgarriarekin. Aurte ere, kategoria egokitua egongo da

3.800 igerilari inguru elkartuko dituzte asteburu honetan egingo dituzten Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldiaren 54. edizioak eta Zarautz-Mollarri-Zarautz probak. Euskal Herriko ur irekietako zeharkaldirik esanguratsuenetariko bat da Getaria eta Zarautz artekoa, eta aurten, mugarri historiko bat ezarri du: asteburuko bi probetarako dortsal guztiak inoiz baino lehenago agortu dira. "Erantzun bikain horrek agerian uzten du zeharkaldiaren sendotasuna, eta urtez urte hazten ari dela erakargarritasuna", nabarmendu dute antolatzaileek.

Larunbatean egingo dute Zarautz-Mollarri-Zarautz 5.000 metroko proba. 10:00etan hasiko da eta 400 igerilarik parte hartzea espero da. Igerilariek bi ordu eta laurdeneko epea izango dute zeharkaldia osatzeko. Bestetik, igandean, Getaria-Zarautz 2.850 metroko itsas zeharkaldiaren txanda izango da. Kirol hitzordu handia izango da hori 3.400 partaide izango baititu. 11:00etan hasiko da proba Getariako portuan, eta Zarauzko Duke Enea inguruan bukatuko da.

Asteburuan itsasoaren baldintzak "oso onak" izango direla aurreikusi dute, eta marmokek azken egunotan sortu dituzten arazoen aurrean, egoera "kontrolpean" dutela ere nabarmendu dute antolatzaileek. "Mekanismoak ditugu egoera hauei aurre egiteko. Bi ontzik behatzen dute itsasoa proba hasi baino lehen, ura ikuskatzeko eta ibilbide osoa garbitzeko. Ez dugu arazorik izan aurreko urteetan, eta oraingoan ere ez dugu izango", argitu du Balea igeriketa taldeko antolatzaile Pablo Cazalisek.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu. Lehen aldiz, izena ematerakoan irteerako taldea aukeratzeko parada izan dute parte hartzaileek. "Horri esker, irteerak seguruagoak eta arinagoak izango dira, eta, aldi berean, familia, lagun, lankide edo entrenamendu talde bereko kideekin batera igeri egiteko aukera ere izango dute parte hartzaileek, esperientzia are bereziago bihurtuz", azaldu dute antolatzaileek. Bestalde, Munoako eremuan egiten ari diren obrek antolakuntza egokitzera behartu dute. Ondorioz, Duke Enea izango da aurtengo edizioaren gune nagusia, han jarriko baitituzte probaren zerbitzu eta antolaketa gune nagusiak.

Gaur goizean Zarauzko portuan egindako aurkezpenean, Getaria-Zarautz zeharkaldia Zarauzko kirol egutegiko "erreferentziazko hitzordua" dela adierazi du Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak. "Dortsal guztiak hain goiz agortzeak erakusten du proba honek duen indarra eta parte hartzaileen fideltasuna". Cazalisek, berriz, aurtengo berrikuntzak nabarmendu ditu, antolatzaileen helburu nagusia urtez urte "parte hartzaileen esperientzia hobetzea" dela esanez. "Irteera taldeak aukeratzeko sistemak harrera bikaina izan du, eta aukera emango die igerilariei beren gertukoekin esperientzia partekatzeko". Cristobal Rochas antolatzaileak, halaber, Getariako eta Zarauzko udalen laguntza eskertu du. "Ez digute inolako oztoporik jarri, denerako erraztasunak eman baizik". Aldi berean, asteburuko hitzorduetan parte hartuko duten 250 boluntarioen "beharrezko" laguntza eta inplikazioa nabarmendu dituzte antolatzaileek. 

Izaera inklusiboa indartuz

Kirol egokituaren esparruan aurrerapausoak eman nahian, kategoria egokitua sortu zuten iazko Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldirako. Hain zuzen ere, Euskadiko eta Espainiako Itsas Zabaleko Kirol Egokituko Txapelketak jokatu zituzten aurreko urtean, eta berrikuntzak izandako arrakastaren ostean, aurten ere kategoria egokitua barne hartuko du zeharkaldiak.

Larunbatean, kirol egokituko 400 eta 800 metroko proba bana egingo dituzte igerilariek. Bestalde, desgaitasun maila txikiagoa dutenek 5.000 metroko distantzia egiteko aukera ere izango dute. Igandeko hitzorduan, berriz, igerilari egokituentzako irteera bat izango da Getarian; hain justu, 09:30ean aterako dira, eta 2.850 metroko ibilbidea egin beharko dute, Getariako portutik Zarauzko hondartzara bitartekoa. Proba hori amaitu bezain laster hasiko da hitzordu nagusia, 11:00 aldera.

Emakumeentzat saioak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan programaren barruan antolatutako emakumeentzako entrenamendu saioek "harrera bikaina" izan dutela ere nabarmendu dute aurkezpenean. Adriana Campoy eta Ainhoa Murua izan dira saio horien gidariak, eta emakume gehiagori ur irekietan "konfiantzaz eta segurtasunez" igeri egiteko tresnak eskaini dizkiete.

Hain zuzen ere, parte hartzearen hazkundea emakumeen presentzian ere islatu da. Guztira, 1.401 emakumek parte hartuko dute aurtengo edizioan –1.294 Getaria-Zarautz proban eta 107 Zarautz-Mollarri-Zarautz proban–, emakumeen parte hartzeak "goranzko joerari" eusten diola berretsiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide