Ez da sagardorik eta pintxorik falta izan Narrondoko jaietan

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 11

San Kristobal jaiak ari dira ospatzen atzotik Narrondo auzoan. Goizeko meza eta hamaiketakoaren ondoren, arratsaldean haurrentzako jolasak eta pintxo beroez lagundutako sagardo dastatzea izan zuten auzotarrek eta bisitariek. 

Jai giroan murgilduta dago Narrondo auzoa atzo goizean San Kristobal jaiei hasiera eman zien suziria jaurtiki eta gero. Ohikoa den bezala, meza eta hamaiketakoa izan zuten jaien lehen orduetan, eta arratsaldean haurrentzat prestatuko jolasak ere izan zituzten. Puzgarrietan eta, eguraldia lagun zutela, ur jokoetan aritzeko aukera izan zuten auzoko txikienek eta bertaratu ziren Zumaiako eta inguruko herrietako umeek. 

Bitartean, festetarako jarritako karparen bueltan iluntzearekin batera egingo zuten sagardo dastaketa prestatzeari ekin zioten. Batzuk sagardo botilak ur hotzetan sartzen zituzten bitartean, beste batzuk, parrillan ikatza piztuta, txerri saiheskiak eta txorizoak erretzen aritu ziren. Jende kopuru polita bertaratu zen arratsalde partean Narrondora, sabelari goxatua eman asmoz, baita Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien doinuekin dantza egiteko gogotsu ere. 

Sankristobalek gaur eta bihar jarraituko dute Narrondon, honako egitarauarekin: 

Gaur, larunbata
  • 12:00. Bidegorriko I. Poteoa Bizikletarekin.
  • 15:30. Mus eta Eskoba txapelketa.
  • 20:30. Sardina jana (sardinak doan, saiheskiak eta edariak ordainduta).
  • Ondoren, Elizagoien ahizpak eta Imanol trikitilariak.
Bihar, igandea
  • 11:00-14:30. IV. Artisau azoka eta talogileak (egun guztian egongo da talo postua).
  • 12:30. Zapotxin pailazoa, Baratxuri zoparen sekretua emanaldia.
  • Ondoren, bazkaltzeko aukera karpan, bakoitzak bere janaria eramanda. Edariak bertan erosi beharko dira.
  • 18:00. Herri kirol erakustaldia. Aizkolariak: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Harri jasotzaileak: Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide