Zestoa eta Errezil arteko GI-3730 errepidea konpontzeko lanak hasiko dituzte astelehenean

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 10a

Aizarnarako bidegurutzea, Iraetan. (Guka)

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, hondatutako lurzoru zatiak konponduko ditu hamar egunez, eta lanek eragina izango dute trafikoan. Errepidea erabat moztuko dute, bizilagunentzat izan ezik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoa eta Errezil arteko GI-3730 errepidea konpontzeko lanak hasiko ditu datorren astelehenean. Zorua birgaituko dute, batetik, Iraetan, Bentaberrin eta Aizarnan; eta bestetik, GI-3661 errepidean, Erdoizta parean. Gutxi gorabehera hamar eguneko lanak izango dira —eguraldiak baldintza dezake—, eta eta eragina izango dute trafikoan. 

Hain zuzen, hondatutako lurzoru zatietan konponketak egingo ditu aldundiak, Erdoiztatik hasita bi errepideen bidegurutzeraino; hau da, Etumetaraino. Bidegurutze horretatik hasita, GI-2634 errepideraino ere egingo dituzte lanak, beheranzko noranzkoan.

Aldundiak jakinarazi duenez, lanak gauzatu ahal izateko errepidea erabat moztuko dute, baina errepide zati horretan bizi direnek igaro ahal izango dute, soilik Etumetatik Errezilera arteko norabidean. Era berean, adierazi dute soilik lan orduetan moztuko dutela errepidea, eta lan ordutegitik kanpo irekita egongo dela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide