Azpeitiko Ekoetxeak haur nahiz helduentzako bi esperientzia antolatu ditu uztailaren 18rako eta 19rako. Larunbatean Zestoako Agiretako ur-jauzira irteera antolatu du Ekoetxeak, Ura agentziarekin lankidetzan. Igandean, berriz, Ibai Ugarte biologoak gidatuta Ekoetxeatik Loiolara aldera oinez joango dira txorien kantuak ezagutzera. Bi ekintzetako parte hartzea doan da, baina aldez aurretik izena eman behar da Ekoetxearen webgunearen bidez.
Uztailaren 18an, larunbatean, Zestoako Lauiturri garbitokian elkartu eta Goltzibar errekaren ibilguari segika Agiretako ur-jauzira joango dira ibilaldian parte hartzen dutenak. Izarraitz mendikatearen magalean dago Agiretako ur-jauzia, balio ekologiko handiko eremua da. Hiru orduko iraupena izango du esperientziak, 10:00etan Zestoako Lauiturri garbitokian hasita. Doan da parte hartzea, baina aldez aurretik izena eman behar da honako loturan.
Txorien kantuak ezagutzeko esperientzia da uztailaren 19an, igandez, Ekoetxean egingo dutena. Kantuen bidez txoriak identifikatzen ikasiko dute ekintzan parte hartzen dutenek. Azpeitiko Ekoetxean hasi eta Loiola aldera edozeinek egiteko moduko ibilbidea egingo dute Ibai Ugarte biologoak gidatuta. 10:00etatik 12:00etara izango da esperientzia, Ekoetxean hasi eta bukatuta. Doan da parte hartzea, baina aldez aurretik izena eman behar da lotura honetan.