Urola Kostako zabor bilketaren egoera "jasanezina" salatu du EAJk

Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 10a

Zaborra, edukiontzien kanpoan pilatuta. (Getariako EAJ)

Alderdi jeltzaleak adierazi duenez, Mankomunitateko hondakin bilketaren kontratua "iraungita" dago, haren luzapena ere "agortuta" eta lizitazio berria "martxan jarri gabe" dago. Gainera, zerbitzuaren "gainbehera" kalean bertan ikusten dela nabarmendu du.

Urola Kostako EAJk eskualdeko zabor bilketa zerbitzuaren egoera "jasanezina" salatu du. Jeltzaleen arabera, mankomunitateko hondakin bilketaren kontratua "iraungita" dago, bere luzapena ere "agortuta", eta lizitazio berria "martxan jarri gabe". Horren ondorioz, zerbitzuaren "gainbehera" kalean bertan ikusten dela adierazi du EAJk: "edukiontziak gainezka, usain txarrak, zikinkeria, arratoiak inguruan eta kamioiak lixibiatuak galtzen".

Jeltzaleen arabera, egoerak agerian uzten du zabor bilketa zerbitzuaren kudeaketan eta jarraipenean "hutsune larriak" daudela. “Ez dugu jasotzen kobratzen diguten zerbitzua. Urola Kostako herritarrek zabor bilketa garbia, segurua eta ondo kontrolatua merezi dute”, azpimarratu dute.

EAJk adierazi duenez, azken hilabeteetan antzeko kexak eta salaketak izan dira Getarian, Zumaian, Orion eta Zarautzen, garbitasunaren, edukiontzien egoeraren, usain txarren eta mantentze faltaren inguruan. Horren aurrean, eskaera "argia" egin dute: "Urola Kostako mankomunitateak berehala azal dezala zergatik ari den zabor bilketa zerbitzua kontratua iraungita ematen, lizitazio berria abian jar dezala eta zerbitzua hobetzeko premiazko neurri-plana aurkez dezala.". Zabor bilketa "oinarrizko zerbitzu publikoa" dela gaineratu dute jeltzaleek. Beraien ustez, ezin da onartu kontratua iraungita egotea, lizitazio berria atzeratzea eta, aldi berean, zerbitzuak okerrera egiten jarraitzea. "Gardentasuna, erantzukizuna eta berehalako neurriak" behar direla nabarmendu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide