Dagoeneko urtebete igaro da ia Ithaka musika taldea azken aldiz oholtzara igo zenetik, eta itzulera ondoen ezagutzen duen lekuan egingo du: Orion. Hain zuzen ere, Orioko Udalaren udako programaren barruan, uztailaren 17an, ostiralez, 20:00etan eskainiko du urteko lehen kontzertua taldeak, hondartzako berdegunean. Anari eta Ke Lepo ere igoko dira oholtzara egun horretan, eta sarrera doakoa izango da bertaratu nahi dutenentzat.
Ithakaren itzulera, ordea, ez da ezerezetik etorri. Maiatzaren hasieran Ez naiz itzuliko EPa kaleratu zuen taldeak, izen bereko abestiarekin eta Kadira(k) kantuarekin. Josune Freire (bateria), Arantza Igartua (gitarra) eta Leire Olariaga (ahotsa eta teklatua) oriotarrak eta Eneko Eizagirre (baxua) zarauztarra dira proiektuaren atzean dauden musikariak; eta EParen azaleko artelana egiteko ardura, berriz, Maia Berastegi zarauztarrak izan du.
2022. urtetik ari da laukotea musika sortzen, baina ikasketak alde batetik eta lanpostu berriak bestetik direla, dirudiena baino zailagoa egiten zaie estudioan elkartzea eta abesti berriak sortzea. "Iazko udan hasi ginen berriro abestiak lantzen, eta saio horietatik atera ziren bi kantu hauek. Uste dugu une hartako geldialdia irudikatzeko balio zutela, eta, gainera, musika berria kaleratzeko gogoa genuen. Ez da ohiko formatu batean erraz sailkatzen den proiektua, baina egokia iruditu zitzaigun argitaratzea".
Ithaka post-punk eta post-rock doinuekin lotu izan da orain arte, baina lan berriarekin entzuleak ezustean harrapatu dituztela aitortu dute. "Aurreko lanekin alderatuta, EP honetan estiloa nabarmen aldatu dela esan daiteke. Ezagun askok esan digute lehen entzunaldian harritu egin zituztela abesti berriek. Ekoizpen prozesua ere ezberdina izan da; oso modu espontaneoan sortu ditugu kantuak. Hala ere, hasieratik argi izan dugu ez gaudela genero bakar bati lotuta. Azken finean, elkarrekin sortzea gustuko duten lau lagun gara, eta filosofia horri eusten diogu: sortzen dugunak balio du, eta ez dugu zertan geure burua kaxa batean sartu".
Doinu berriekin jolasean
Musikalki ere bestelako bidea hartu dute oraingoan. Saxofoia txertatu dute ekoizpenean, eta horrek freskotasun berezia eman die abestiei. "Lan berri honek argi utzi digu ez dugula beti bide beretik joan nahi eta esperimentatzea ere gustuko dugula. Urtean zehar ideiak pilatzen joaten gara, eta elkartzean, dena ateratzen da".
Eta kontua da Ithakako kideek betidanik izan dutela musika sortzeko grina. Freire eta Olariaga txikitatik aritu dira musika eskolan, esaterako. "Orion haur asko igaro dira musika eskolatik, eta askok jarraitu dute ildo horretan. Gu, gainera, beti saltsetan ibili izan gara, eta geure musika sortu nahi genuen. Dirudienez, saiakerak emaitza ona eman du". Hasieratik izan dituzte eskura musika sortzeko baliabideak ere. "Udalak musikarientzako entsegu gelak ditu, eta ez dugu diru aldetik zailtasun handirik izan. Horrelako espazio bat edukitzeak asko erraztu digu lana".
Urteek esperientzia ere eman diete, eta gaur egun euskal musika eszena askoz hobeto ezagutzen dute. "Hasieran, ume baten inozentziarekin begiratzen genion panoramari; orain, berriz, badakizu gutxi gorabehera gauzek nola funtzionatzen duten. 17 urte genituela hasi ginen musikari beteranoagoekin harremanak izaten, eta horrek azkarrago hazten lagundu digu. Independenteago bihurtzen zara".
Beste musikarien aldetik jasotako harrera bereziki eskertu dute. "Babes handiena beste musikariengandik jaso dugu. Ithakak badu bere lekua eszenaren barruan. Abesti berriak kaleratzen ditugunean, lehenengo iritziak normalean beste talde batzuengandik jasotzen ditugu, eta hori asko eskertzen da".
Orain, uda iristearekin batera laurek berriz elkartzeko aukera dutenez, abesti berriak sortzeko aprobetxatu nahi dituzte hilabete hauek. "Etorkizunera begira, disko berria kaleratzeko asmoa dugu". Bilboko Eten estudioan grabatzen dute, Urtzi Iza ekoizlearen laguntzarekin. "2022an jarri ginen harekin harremanetan, eta harrezkero, gidari moduko bat izan da guretzat. Talde hasiberria zarenean, ez dakizkizu lan guztiak egiten, eta esperientzia duen norbait alboan izatea oso lagungarria da".
Urteko lehena, etxean
2023. urtean Biluzten izeneko lehen diskoa kaleratu zutenetik, etenik gabe ibili da Ithaka. Durangoko Azokatik hasi, eta gaztetxe nahiz festetako txosna askotatik igaro da laukotea. Gaur egun, ordea, gero eta zailagoa egiten zaie elkartzea, eta horregatik, kontzertuetarako proposamenak zorrotzago aukeratzen hasi dira. "Lana tarteko, denbora oso baliotsua bihurtu da guretzat. Horregatik, aukeratu egin behar dugu non jo eta non ez. Gainera, elkartzen garen uneak ez dira kontzertuak emateko bakarrik, entseatzeko eta musika berria sortzeko ere baliatzen ditugu".
Lau taldekideetatik hiru Orion jaio eta hazitakoak dira, eta aitortu dute herrian bertan jotzeak berezia izaten jarraitzen duela. "Etxeluze gaztetxean jotzera ohituago gaude. Kalean edo herriko beste espazio batzuetan, ordea, bestelako publiko baten aurrean aritzen zara, eta horrek urduritasuna areagotu dezake. Gainera, ia urtebete daramagu kontzerturik eman gabe. Beraz, orain entseguak egiteko garaia da", azaldu dute.
Laukotea ilusio handiz ari da uztailaren 17ko kontzertua prestatzen, eta inspirazio iturri handitzat duten Anarirekin agertokia partekatzeak are gogo handiagoa ematen die, non eta etxean, oholtza gainera itzultzeko.