Ez da irudipen soila, bero handia ari du

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 8a

Termometro bat hondarretan, 40 gradura iristen. (Magnific)

Ekaina bero boladarekin amaitu zen –Zarautzen, esaterako, gutxieneko tenperatura ez zen 30 gradutik jaitsi hilaren 23tik 24rako gauean–, eta egunotan beste batean murgildu daiteke herrialdea. Datuak jarri ditu mahai gainean Euskalmeteko Joseba Egaña zumaiarrak, eta proposamenak, berriz, Orioko Herrio natur taldeak. 

Adineko bi emakume elkarrekin ari dira hizketan Zarautzen, Azken Portun, ekain bukaerako bero boladaren egunetako batean. Balkoitik kalera ari zaio bata besteari, gaztelaniaz, Extremadura (Espainia) aldeko azentoarekin: "Zenbat urte daramatzagu hemen bizitzen? Eta halako berorik ez genuen ezaguzen...". Baietz erantzun dio besteak, beren herrian ere ez dela hainbestekorik egongo. Ez dira ari exajeratzen. Haizagailuak gastatu dira dendetan, termometroek 40 gradu markatzen dituzte, eta erakundeek abisu gorriak ere ezarri dituzte.

Joseba Egaña zumaiarrak 25 urte daramatza Euskalmeten lanean, eta datuekin baieztatu du bi emakumeen komentarioa: "Ekainaren 21etik 27ra muturreko beroaldia izan genuen, eta gauak ere tropikalak izan ziren tokirik gehienetan, tenperatura minimoak ez baitziren 20 gradu zentigradutik jaitsi; are gehiago, gau ekuatorialak ere izan genituen estazio batzuetan, 25 gradutik jaitsi gabe. Nabarmentzekoa da ekainaren 23tik 24rako gaueko datua Zarautzen, gutxieneko tenperatura ez zelako 30 gradutik jaitsi".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gehienezko tenperaturaren batez bestekoaren arabera, aurtengo ekainaren 24a bigarren egunik beroena izan da, gutxienez, 1970etik, 2022ko uztailaren 18aren atzetik, azaldu du Egañak. "Bero asko egin du eta iraupen luzea izan du, gainera, beroaldiak. Maiatz amaieran jadanik izan genuen lehen bero gertaera garrantzitsua, eta ekaina beroa izan da, batez ere, bigarren zatian; bereziki, hilaren 21etik 27ra izan genuen bero gertaeragatik. 24 abisu hori, hamabi alerta laranja eta hiru alarma gorri izan genituen ekaineko azken hamabostaldian", zehaztu du.

Aste honetan zein hurrengoan "tenperatura ohikoa dena baino gorago" ibiliko dela azaldu du Egañak, eta beraz, ezin dela baztertu beste bero bolada bat izatea.

Markak hausten

Uztaila orokorrean oso beroa izango dela aurreikusten du zumaiarrak. "Uztailak bi edo hiru gradu zentigraduko anomalia positiboa izan dezake, eta hori asko da. Izan liteke uztaila beroenetako bat". Abuztua ere beroa izan daiteke, eta iraila, abuztuaren antzekoa. "Beraz, uda beroa edo oso beroa izango dela ematen du nahiko garbi". Euria garrantzitsua da beti, eta gehiago halako egoeretan, baina "normal antzean edo zertxobait gehiago" egin dezakeela kontatu du Egañak.

Datuak esku artean, ekainaren 21a eta 24a bitartean hainbat marka hautsi direla ere azaldu du. Ekaineko gehieneko nahiz gutxieneko tenperatura altuenen efemeride ugari egon direla dio, eta are gehiago, "estazio batzuetan serie osoko maximorik eta minimorik altuenen efemerideak erregistratu" direla, "ez bakarrik ekaina kontuan hartuta, baita urte osoa kontuan hartuta ere". Eskualdera etorrita, Aizarnazabalen, esaterako, 1999. urtetik ari dira datuak jasotzen, eta ekaineko gutxieneko tenperatura altuena markatu dute aurtengo ekainaren 22an, 20,7 gradurekin. Aurreko errekorra 2022an izan zen, gradu bat gutxiagorekin –19,7–. Zarauzko estazioa ere urte horretakoa da, eta han ere gradu bat gehiagorekin gainditu dute aurreko errekorra, 2017koa: aurten 23,4 gradukoa izan da ekaineko tenperatura minimo altuena –hilaren 23an–.

"Aurten, itsasoko uraren tenperatura ekainean bertan iritsi da 25 gradura. Inoiz erregistratu ez den tenperatura da hori"

Egañak itsasoari ere erreparatu nahi izan dio, eta han ere igoerez mintzo dira datuak: "Itsasoan ere nabarmen ikusten ari gara tenperaturaren igoera. 1980ko hamarkadan itsasoko tenperatura udan, abuztuan, 21-22 gradura iristen zen eta hori zen maximoa, orokorrean. Azken urte hauetan, berriz, 23-24 gradutara iristen gara, eta puntualki, baita 25 gradura ere. Aurten, ekainean bertan iritsi gara 25 gradura. Ekainean inoiz erregistratu ez den tenperatura da hori". Hurrengo egunetan beroak jarraituko duenez, "gerta daiteke 2003ko abuztuan ezarritako errekorra haustea", aurreratu du Euskalmetekoak. "Orduan, inoiz izandako tenperaturarik altuenera iritsi zen itsasoko ura, 26-27 gradutara, bero bolada historiko eta luze haren ondorioz".

Beroari aurre nola egin

Datuak esku artean, neurri zorrotzak hartzeko unea dela diote mundu osoko zientzialariek, baita bertakoek ere. Arturo Elosegi, Garbiñe Manterola eta Arantxa Txintxurreta unibertsitateko irakasleak eta Orioko Herrio natur taldeko kideak dira, eta irakurketa gogorra egiten dute egoeraz: "Azken bi milioi urteetan Lurrak ezagutu ez duen berotze batean sartzen ari gara, eta gero eta azkarrago ari gara planeta berotzen. Hasieran, aldaketa horiek ez dute kalte askorik sortzen, baina gero eta arazo gehiago ikusiko ditugu, pertsonen osasunean, nekazaritzan, arrantzan zein naturan. Ez da soilik bero gehiago egiten duela; horrek muturreko eguraldia, ekaitz gogorrak eta abar, gero eta maizago gertatzea dakar. Azken asteotan bizitakoa ez da kasualitatea, azken urteetan ikusten ari garen joeraren barruan kokatzen da", diote.

"Eraikitzen jarraituko dugunez, egin dezagun beroa kontuan hartuz"

Nazioartean neurriak hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, eta era berean, beroari aurre egiteko naturari begiratu behar zaiola uste dute. "Agian, beroaldi honek aukera bat ere eman digu ingurura begiratzeko: zer alde dago zuhaitz baten itzalaren eta asfaltozko plaza baten artean? Zer freskura aurkitzen dugu basoan edo erreka bazterrean? Naturak berak erakusten dizkigu bai arazoa, bai irtenbideetako batzuk. Aire girotua une jakin batzuetan beharrezkoa izan daiteke, bereziki pertsona zaurgarrienentzat, baina ezin dugu etorkizuna energia kontsumo gero eta handiagoan oinarritu. Beroa sortzen duten faktoreak murriztea eta naturak eskaintzen dizkigun irtenbide eraginkorrak indartzea izan behar dira lehentasunak".

Horrez gain, herriz herri hausnartu beharra ikusten dute: "Porlanezko hiriak eraiki ditugu, eta uda partean labe bihurtzen dira. Pentsatzen hasi behar dugu nola moldatu gure hiriak datorren klima berrira, eta hori nola egin ahalik eta inbertsio txikienarekin. Zuhaitz gehiago landatzea ez da apaingarri hutsa; osasun publikoko neurria da. Berdeguneek itzala eta freskura, hezetasuna, ematen dizkigute. Berdegune eta itzalgune publiko gehiago, zementu eta asfalto gutxiago, uraren kudeaketa naturalagoa eta eraikinak modu pasiboan freskatzeko neurriak behar ditugu. Eraikitzen jarraituko dugunez, egin dezagun beroa kontuan hartuz: horma berde biziak sortuz, leiho inteligenteekin, isolatzaile egokiekin eta kaleen arteko aire zirkulazio aproposarekin, eta abar".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide