Eskualdeko bi enpresa, Orkestra Institutuaren 'ezkutuko txapeldun'

Kris Fernandez 2026ko uztailaren 13a

Orkestra lehiakortasunerako euskal institutuaren ikerketa baten datuetan oinarrituta, 'ezkutuko txapeldun'-en zerrendan eskualdeko bi enpresa daude: Azkoitiko Ibarmia eta Aizarnazabalgo Wavegarden.

Ekonomia arloan ezkutuko txapeldun diren enpresak aurkitu ditu Orkestrak, hau da, sektore oso espezializatuetan liderrak diren baina ikusgarritasun txikia duten enpresak. Orotara, halako 53 enpresa aurkitu ditu Orkestrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta tartean daude Azkoitiko Ibarmia eta Aizarnazabalgo Wavegarden.

Hala azaldu du zer diren enpresa horiek Gaztañagak: "Ezkutuko txapeldunak nazioarteko nitxoetako edo sektore oso espezializatuetako liderrak dira. Nazioarteko merkatuetan lider diren arren, askotan publiko zabalaren artean ezezagunak diren enpresak dira, berrikuntzan, espezializazioan eta esportazio gaitasunean oinarritutako arrakasta eredua eraiki dutenak. Industria sare sendo baten adierazle dira, eta lurralde baten lehiakortasuna ulertzeko giltzarri ere bai". Orkestrak esan duenez, ezkutuko txapeldun horien ezaugarri bat nazioarteratze maila handia izaten da. Izan ere, %90ek Europan jarduten dute, %82k Ipar Amerikan eta %72,5ek Asian. Tamainari dagokionez, 53 enpresa horietako 21ek 10 eta 50 milioi euro artean fakturatzen dituzte, eta beste hamaseik, 50 eta 200 milioi euro artean.

Erronkak

Enpresa horiek askotariko sektoreetan aritzen dira, eta beraz, erronka oso desberdinak dituzte. Enpresa gehienak makina erremintan, fabrikazio aurreratuan eta automozioan daude espezializatuta, eta horien mehatxu nagusia Txina da: "Txina merkatu garrantzitsua izan da Europako industriarentzat; izan ere, gure industriako zerbait Alemaniara salduz gero, Txinara heltzen zen ondoren. Azken hamarkadan, ordea, Txinak ikaragarrizko aurrerapena egin du automozioan, aeronautikan, automatizazioan... eta, beraz, [makina erremintako, fabrikazio aurreratuko eta automozioko] enpresa multzo bat arriskuan dago.

Gizartearen egoerak horretan eragina izan duela azaldu du Gaztañagak: "Gure enpresak txikiak eta ertainak dira, eta esportazioen bitartez saltzen dituzte produktuak. Modu ekonomikoan egiten da esportazio kontainerren bidez, baina gaur egungo herrialdeen arteko tentsioek eta gudek muga zergak, eta beraz, kontainerren prezioak igoarazi dituzte. Ondorioz, kanpoan saltzen jarraitu nahi baldin badute, nazioartean presentzia nola mantendu behar duten aztertu beharra daukate".

Gainera, zahartzen ari den gizarteak erronka berriak sortuko dituela aurreikusten du Gaztañagak: "Lantokietako plantillak zahartzen ari dira, eta errelebo falta nabaria da; sektore eta arlo guztietan falta da jendea. Horrez gain, ez du laguntzen formazio eta enpresa sarearen artean egoten den desorekak; izan ere, oso garrantzitsua da hezkuntza sarea eta lan sarea bide berean joatea. Dena den, esan beharra dago erdi eta goi mailako eskaintza eta sare oso onak ditugula eskualdean eta lurraldean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide