Errockmeria musika jaialdiaren bosgarren aldiko kontzertuak izango dira datorren igandean, hilak 12, Hernio mendiaren magalean, Zelatunen. Beertoki elkarteak antolatu du jaialdia beste urte batez, artisau garagardoak eta musikak elkartzen dituen gazte taldeak, hain zuzen. Aurten, Gailu, Ziraun eta Loraze taldeek joko dute Zelatunen, 12:00etan hasita.
1997an Andoaingo (Gipuzkoa) Mikel Abrego musikariak eta Luis Andre bideogileak sortu zuten Gailu musika taldea da. Gaur egun, ordea, hiru lagun daude bilduta proiektu horren barruan: Okene Abrego (ahotsa eta samplerrak), Mikel Abrego (bateria eta ahotsa) eta Hodei Esteban (baxua, kontrabaxua eta ahotsa). Taldeak rocka, hip-hopa, elektronika, punka eta jazza nahasten ditu bere musikan. Iaz, Bizi eta Ixo! izeneko diskoa autoeditatu zuten.
Ziraun rock taldea, berriz, Gernika-Lumon (Bizkaia) sortu zen, 2022an. Musika talde horrek rock alternatibo indartsua eta freskoa aurkeztu ohi ditu emanaldietan, betiere, melodia ilunekin eta ahots beltzen zein melodikoen arteko uztarketa berezi batekin. Proiektua Belatz taldearen oinordeko gisa jaio zen, eta egun, bost lagunek parte hartzen dute: Nerea Rute (ahotsa), Ibon Bilbao (gitarra), Asier Morales (gitarra), Mikel Conde (baxua) eta Pello Arriola (bateria). Aurten, Biziraun bigarren diskoa kaleratu dute, rock ilunaren bidean sakonduta ondu duten bederatzi abestiko lana. Besteak beste, egungo gizartearen inguruko hausnarketak eta bizipen pertsonalak islatu ditu taldeak bere azken proiektuan.
2023. urtean sortu zen, bestalde, Loraze taldea. Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako (Gipuzkoa) gazteek osatzen dute banda hori, eta rock alternatiboa, stonerra eta nu-metal doinuak nahasten dituzte, garrasiz eta riff indartsuz osatutako musika zuzena eskaintzeko. Aurtengo otsailean, Aingura izeneko abestia grabatu zuen taldeak Zestoako Gaztain estudioan, taldeak bere bideoklipetako eta kontzertuetako irudiekin hornitutako bideo batekin batera.