Abian du UEMAk ostalaritzan euskara sustatu nahi duen 'Bertatik bertara' kanpaina

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 7a

UEMAk irudikoaren moduko manteltxoak banatuko ditu. (UEMA)

UEMAko kide diren udalen artean banatuko dituzte beste uda batez mahai-gainekoak eta poltsikoko hiztegi txikiak. Euskarazko kultura nahiz musika ikusarazteko zerrendak ere sortu ditu.

Ostalaritzan euskararen erabilera sustatzea xede duen Bertatik bertara kanpaina jarri du abian Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), eskualdeko udalekin elkarlanean. UEMAk udaro jarri ohi du indarrean kanpaina hori, batetik, herriko ostalariak, tabernariak eta bezeroak euskara gehiago erabiltzera animatzeko, eta bestetik, uda sasoian herrira etortzen diren bisitariak euskaraz gozatzera gonbidatzeko, gutxienez, lehen hitza beti euskaraz egitera bultzatuz. 

Ostalaritza guneetan euskararen presentzia indartu dadin, mahai-gainekoak, manteltxo indibidualak eta poltsikoko hiztegiak banatuko ditu UEMAk eskualdeko ostatuetan eta landetxeetan; izan ere, gune horietan kartelak, menua, eta ordutegia euskaraz izatea dira egitasmoaren helburuak. Dena den, manteltxoetan hiztegia beste bost hizkuntzan ere erakutsiko dute, hala nola katalanez, galegoz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Manteltxo horiek lortzeko, ostalariek beren herriko udaleko Euskara sailarekin jarri beharko dute harremanetan. 

Gainera, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu UEMAren mahai-gainekoak, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko. Hizkuntza horietako hiztunek bisitariak euskaraz egitera animatuko dituzte. Horrekin batera, bisitariak euskarazko musika entzutera gonbidatzea da UEMAren nahia, eta hala, Zure bidaiaren soinu banda zerrenda ireki ahalko dute beste QR baten bidez. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide