Datorren astean hasiko da Donosti Cup 2026 futbol txapelketa, eta azken urteetan bezala, Urola Kostako zenbait herritan jokatuko dituzte aurreneko faseetako partidak. Zehazki, Azkoitiko San Juan, Azpeitiko Garmendipe, Orioko Mendibeltz, Zarauzko Asti, Zestoako Iraeta eta Zumaiako Aita Mari futbol zelaietan arituko dira nor baino nor gehiago Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait talde.
15.000 jokalari baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo txapelketan, eta guztira, 2.254 partida jokatuko dituzte. Horretarako, Euskal Herriko 60 zelai baliatuko dituzte, tartean eskualdekoak. Hain justu, astelehenean hasiko dituzte txapelketaren 34. aldiaren lehen partidak Orion, eta ondorengo egunetan lehiatuko dituzte gainerako herrietako zelaietan: Azkoitian, Zarautzen eta Zestoan, asteartean hasiko dira, eta Azpeitian eta Zumaian, asteazkenean.
Aurtengo edizioak marka guztiak hautsiko ditu, 32 herrialdetako 910 talde bilduko ditu eta. Hala, txapelketaren historiako ediziorik nazioartekoena izango da 2026. urtekoa. Guztira, nazioarteko 90 herrialdetako kideak bilduko ditu aurtengo txapelketak; esaterako, lehen aldiz parte hartuko dute Donosti Cup-en Angolako, Hong Kongeko, Estoniako, Mongoliako, Malaysiako, Poloniako, Puerto Ricoko eta Uruguaiko taldeek.
Azkoitian, asteartetik ostiralera bitartean izango dira partidak; Azpeitian, asteazkenetik larunbatera; Orion, astelehenetik larunbatera; Zarautzen, asteartetik larunbatera; Zestoan, asteartetik ostiralera; eta Zumaian, asteazkenetik ostiralera. Hona hemen eskualdeko zelaietan jokatuko diren partiden egutegiak: