Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak bainua debekatu du "osasun arrazoiengatik" Zumaiako Santiago eta Zarauzko hondartzetan. Erakunde horrek jakinarazi duenez, bi hondartzetako uretan egindako azterketetan, arautegiak ezartzen dituen kalitate irizpideak ez direla betetzen atzeman dute. Beraz, oraingoz, eta kontrakoa jakinarazi arte, bandera gorria jarri dute bai Santiagon eta bai Zarautzen, bainua debekatuz.
Zarautzen bainua debekatzea ez da ohikoa, baina bai Zumaian; aurreko urteetan ere behin baino gehiagotan debekatu zuten Santiago hondartzan eta albotik igarotzen den errioan bainatzea, uraren kalitatea ez zelako egokiena bainatzeko. Iaz, errioan bertan uretan sartzea galarazten zuen agindua ere eman zuen udalak. Horren harira, ibaian ez bainatzeko gomendioa egin zuen Osasun Sailak, gune hori bainu eremu bezala erroldatu gabe zegoelako.
Osasun Sailak bihar hartuko ditu berriro laginak bi hondartzetan, eta haren analisiak emandako emaitzen arabera erabakiko dute hondartza horietan bainatzea izango den edo ez. Zarauzko Udalak "arduraz jokatzeko" eta "uneoro Zarauzko hondartzako sorospen zerbitzuaren jarraibideak betetzeko" eskatu die herritarrei.