Ibai Olaizolak eta Jurgi Etxabek irabazi dute aurtengo binakako herri txapelketa

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 27a

Partida estua eta emozio handikoa izan zen. Markel Zearreta eta Eritz Olaizola indartsu hasi ziren, eta markagailuan aurretik jartzea ez ezik, tanto batzuen aldea ateratzea ere lortu zuten, baina gorriek partidari buelta ematea ere lortu zuten. Aizarnazabalgo Olaizola lehengusuek elkarren kontra jokatu zuten, eta ikuskizuna emanda, eurak izan ziren bi jokalari onenak.

Atzo arratsaldean jokatu zuten aurtengo eskuz binakako herri txapelketaren finala Odieta pilotalekuan, eta Ibai Olaizolak eta Jurgi Etxabek jantzi zuten txapela, Markel Zearretari eta Eritz Olaizolari 22-18 irabazita. Sailkapeneko hirugarren eta laugarren lekuak erabakitzeko partida, berriz, Peio Etxaberentzat eta Jon Alkortarentzat izan zen, Unai Etxaberi eta Unai Beristaini 22-17 irabazita.

Bero egiten zuen atzo arratsaldean, eta beroak baldintzatu zituen 17:00etan hasita Odietan jokatu zituzten partidak, batez ere aurrenekoa, sailkapeneko hirugarren eta laugarren lekuak erabakitzekoa. Partida estua izan zen, bi bikoteak pareko ibili ziren ia norgehiagoka guztian, baina Peio eta Jon freskoago iritsi ziren azken tantoetara, eta horixe izan zen irabazteko giltza. 

Final handia hasterako eguzkiak indar gutxiagorekin jotzen zuen, eta hori alde izan zuten kantxara atera ziren lau pilotariek. Norgehiagoka estua izan zen bigarrena ere. Hasieran, urdinek, Markel Zearretak eta Eritz Olaizolak, markagailuak aurretik jartzea eta tanto batzuen aldea ateratzea lortu zuten, 8-3 aurretik ere joan ziren, baina gorriak, Ibai Olaizola eta Jurgi Etxabe ez zeuden finalari ihes egiten uzteko, eta berdintzea ez ezik, markagailuari buelta eman eta aurretik jartzea ere lortu zuten. 11na eta 14na tantotan berdinduta egon ziren bi bikoteak, baina hortik aurrera, gorriek indar gehiago erakutsi zuten kantxan, eta azkenean haientzat izan zen partida, 22-18 eginda.

Finaleko partidan elkarren kontra jardun zuten Aizarnazabalgo Olaizola lehengusuek, atzelari Eritzek eta aurrelari Ibaik, eta kantxan agerian gelditu zen elkar ondo ezagutzen dutela. Finaleko bi pilotari onenak izan ziren, eta batez ere Ibaik erakutsi zuen sasoi betean dagoela, ia hutsik egin gabe, gutxi galdu eta asko eman baitzuen. 

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide