Juan Ramon Alberdik eta Jon Joseba Aizpuruak sari bana jaso dute Ermua Hiria literatur lehiaketan

Julene Frantzesena 2026ko ekainaren 27a

Jon Joseba Aizpurua, iaz, Azkoitiko Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldian. (Ane Olaizola)

Alberdi azkoitiarrak euskarazko poesia arloko saria eskuratu du, eta narratiba sailekoa, berriz, Aizpurua zumaiarrak. Ondorioz, 500 euroko diru sari bana jasoko dute. Aurtengoa Ermuako Udalak antolatzen duen lehiaketaren 32. edizioa izan da.

Ermua Hiria literatur lehiaketaren 32. edizioan sari bana jaso dute Juan Ramon Alberdi azkoitiarrak eta Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak. Alberdik euskarazko poesiaren arloan eskuratu du saria, Gogeten hari-muturrak lana tarteko, eta Aizpuruak, berriz, euskarazko narratiba sailean, Elefante zuria lanagatik. Biek ala biek 500 euroko diru saria jasoko dute.

Euskarazko hamalauna poesia eta narratiba lan aurkeztu dituzte orotara aurtengo ediziora, eta horiek baloratzeaz arduratu den epaimahaia Fernando Aranberrik (Ermuako Udaleko euskara teknikaria), Ainhoa Onaindiak eta Amaia Rementeria (IES Ermua BHIko irakasleak) eta Sara Gagok (Udal Liburutegiko langilea) osatu dute.

Ermuako Udalak antolatutako lehiaketan euskarazko nahiz gaztelaniazko narratiba zein poesia lanak saritzen dituzte, eta aurtengoan ere hala egin dute. 32. ediziora, 214 kontakizun (200 gaztelaniaz eta hamalau euskaraz) eta 181 poesia lan (167 gaztelaniaz eta hamalau euskaraz) jaso dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide