Zumaiak, Getariak eta Oriok hartuko dituzte Flysch Organo Jaialdiko kontzertuak

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 25a

Iñaki Sanchez, Zumaiako parrokian joko duen organista. (Utzitakoa)

Elizetako organoak beste instrumentu batzuekin uztartuko dituzte jaialdiko emanaldietan. Zumaiako eta Orioko kontzertuak, gainera, ongintzazkoak izango dira. 

Nazioarteko Flysch Organo jaialdia hamaikagarren ediziora helduko da aurtengoarekin, eta antolatutako lau kontzertuetatik hiru eskualdeko herrietan egingo dituzte: Zumaian, Getarian eta Orion (Debako Andra Mari elizan egingo dute zikloa osatzeko falta dena). Hitzordu guztietan ere, herri horietako elizetan dauden organo doinuen eta bestelako instrumentuen uztartzeaz gozatzeko aukera izango dute entzuleek. 

Zumaiako San Pedro parrokian izango da jaialdiko lehen kontzertua, uztailaren 5ean, 19:30ean hasita. Ander Bengoetxea biolin-jotzaileak eta Iñak Sanchez organistak emango dute kontzertu hura. Eskualdeari dagokionez, gainontzeko bi saioak Getarian eta Orion izango dira. Getarian, Salbatore elizan izango da emanaldia, uztailaren 18an, eta musikariak Antonio Canovas saxo-jotzailea eta Ruben Diez organo-jotzailea izango dira. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Orion, berriz, uztailaren 24an izango da jaialdiko hitzordua, Bariko San Nikolas elizan. Bi organista arituko dira eliza hartako organoa jotzen, Ana Aguado eta Santiago Banda. Emanaldi guztietako sarrerak doan izango dira. 

Organo jaialdi honetan ohikoa den bezala, ongintzazko kontzertuak ere izango dira, Zumaiakoa eta Oriokoa, hain zuzen. AFAGI erakundearen aldeko emanaldia izango da lehena, eta AECC elkartearen aldekoa bigarrena. Aipatu kontzertuetan elkarteei borondatezko ekarpenak egiteko aukera izango dute entzuleek.

Organoak ezagutaraztea helburu

Flyschak lotzen dituen herrietan antolatutako kultur eskaintza hau sendotzen joan da denborarekin, eta, antolatzaileen ustetan, lurraldeko "kostaldeko erreferentziazko kultura hitzordu" bihurtu da. Hamaikagarren edizioa izango du aurtengoa, eta helburuak urte hauetan guztietan berbera izaten jarraitzen du: "organoa ezagutzera ematea balio artistiko, historiko eta ondare handiko tresna gisa", eta Gipuzkoako "ondare organistiko eta musikalari balioa ematea". 

Goizane Alvarez Kulturako diputatuak azpimarratu nahi izan duenez, uztailean zehar egingo den zikloak "erakusten du kultura tresna bat izan daitekeela gure herriak dinamizatzeko, Gipuzkoako kostaldearen nortasuna indartzeko eta esperientzia artistiko berriak hurbiltzeko, bai tokiko biztanleengana, bai bisitatzen gaituztenengana". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide