Hondakin komertzialen biharko bilketaren ordua aldatu dute Azpeitian eta Zestoan, beroagatik

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 24a

Biharko alerta laranja ezarri du Jaurlaritzak beroagatik, eta horrenbestez, Urola Erdiko Mankomunitateak egokitu egin du ordutegia: Azpeitian 09:00etara aurreratu dute zerbitzua, eta Zestoan, 19:00etara atzeratu.

Urola Erdiko Mankomunitateak egokitu egin du hondakin komertzialaren biharko bilketa Azpeitian eta Zestoan, beroak horretara bultzatuta. Izan ere, tenperatura altuak iragarri dituzte biharko ere, eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alerta laranja ezarri du. Horrenbestez, aurreko egunetan ezarritako neurriekin jarraituz, aldaketak egingo dituzte hondakin bilketan bi udalerri horietan.

Azpeitian, aurreratu egin dute ordutegia, eta 09:00etan jasoko dute errefusa; Zestoan, aldiz, 19:00etara atzeratu dute zerbitzu hori: herrigunean, ontzi arinak jasoko dituzte ordu horretan, eta Arroabean, ontzi arinak zein kartoia bilduko dituzte. 

Mankomunitateak langileak babesteko asmoz ezarri ohi du neurri hori, beroagatik arrisku gehien dagoen orduetan beharginak kalean ibil ez daitezen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide