Eider Mendoza diputatu nagusia, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua Beizamako alkate Pello Otaegirekin eta Errezilgo alkate Koldo Arzalluzekin elkartu ziren atzo, Albizturko eta Bidanikoarekin batera, erakunde horrek udalerri txikien mugikortasuna indartzeko hainbat jarduera egingo dituelako. Zehazki, tokiko sareko errepideetako segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko lanak gauzatuko ditu aldundiak udalerri horietan, 1,2 milioi euro inguruko inbertsioarekin.
Aldundiak laster hasiko ditu lanak Tolosa eta Albiztur arteko errepidean, eta bihurguneak handitzeko eta hobetzeko lanak egingo ditu Goiatz inguruan. Mendozaren hitzetan, “eragin handiko jarduketak" dira horiek, eta tokiko errepide sarearen "etengabeko hobekuntzaren barruan" kokatu ditu. "Errepide horiek funtsezkoak dira eguneroko mugikortasunerako eta herri txikien eta eskualdeen garapen sozial eta ekonomikorako”, esan du. Era berean, diputatu nagusiak garrantzia eman dio udalerri txikiek Gipuzkoaren egituraketan duten "eginkizun estrategikoari", eta haien "garapen sozial eta ekonomikoa eta biztanleen bizi kalitatea" bermatuko duten inbertsioak indartzeko beharra azpimarratu du.