Imanol Arizmendik gaur, larunbata, Huescan (Espainia) jokatu den Quebrantahuesos proba entzutetsuko 35. edizioa irabazi du. Azpeitian bizi den txirrindulari azkoitiarrak bost ordu, 19 minutu eta 44 segundo behar izan ditu 200 kilometroko lasterketa osatzeko.
Arizmendik Alejandro Valverde munduko txapeldun ohiarekin batera egin ditu probaren azken 50 kilometroak, baina amaieran azkoitiarrak Valverderi aurrea hartzea lortu du, eta bi segundo aurretik helmugaratu da, garaipena erdietsiz.
"Proba oso gogorra izan da. Portalet gainean konturatu naiz pixkanaka Valverde eta biok bakarrik geratzen ari ginela. Valverde erraz zihoan, eta amaieraraino lagundu dit. Oso eskertuta eta gustora nago", azaldu du Arizmendik probaren ostean egin dituen adierazpenetan.
Aurtengo edizioan, 11.000 txirrindulari baino gehiago lehiatu dira Pirinio aragoiarrean jokatzen den lasterketan eta, ohi bezala, lau mendate igo behar izan dituzte: Somport, Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca. Guztira, 3.500 metroko desnibela du ibilbide gogorrak. Aurtengoa, gainera, bero handiak markatutako lehia izan da, 35 graduraino iritsi baita termometroa lasterketan zehar.
Imanol Arizmendik hirugarrenez lortu du garaipena Quebrantahuesos lasterketan, txapeldun izan baitzen 2022ko eta 2025eko edizioetan ere.