Euskarabenturak zortzigarrenez zeharkatuko du Euskal Herria, eta iaz bezala, aurten ere Oriotik eta Zarauztik igaroko dira bertan parte hartzen duten gazteak. Uztailaren 24an Donostiatik barrena iritsiko dira Oriora, eta handik Zarautzera. Hor gaua igaro, eta hilaren 25ean utziko dute herria, Ondarrura iristeko –momentuz ez dute zehaztu geldialdirik egingo duten Getarian edo Zumaian–. Zazpi lurraldeetako 130 lagunek biziko dute esperientzia, tartean bi zarauztarrek eta zumaiar batek, antolatzaileek Gukari zehaztu diotenez.
Euskarabenturak "bere sorreratik" gazteen euskararen erabileran eragitea nahi duela azaldu dute antolatzaileek. "Horrela jaio zen 2018an Euskarabentura: gazteek euskara bizipen positiboekin lotuko zituen esperientzia ahaztezina. Ordutik espedizioz espedizio ehundaka batu dira gazte euskaldunen sarera. Sare hori eraikitzen eta trinkotzen jarraitzeko xedearekin indartsu ekingo dio bideari zortzigarren espedizioak uztailaren 1ean".
Aurreko edizioetan egin moduan, etapa gehienek Done Jakue bidea izango dute oinarri; dela frantsez bidea, dela barnealdeko bidea, dela kostako bidea. Ibilbidean, ordea, moldaketak egin eta Euskal Herriko txoko berriak ezagutuko ditu espedizioak aurten. Izan ere, aurrenekoz Sakana gurutzatuko dute, Irurtzunetik sartu eta Arbizu zein Olazti ezagututa. Bizkaiko kostaldean ere geldialdi berria egingo du, Ondarrun. "Guztira 650 kilometro inguru egingo dituzte aurten, aurreko urtean baino 120 kilometro gutxiago. Oinez, ordea, 100 kilometro gehiago egingo dituzte, 500 inguru. Batez beste egunean 17-20 kilometroko etapak egingo dituzte", azaldu dute.
264 proposamen edo lan
Espedizioan parte hartzea doakoa da, beka bat eskuratzen baitute hautatuek. Horretarako, ordea, lan bat aurkeztu behar da. Aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lan horiek, proposatutako ondorengo hiru galderen gainean: “Zer da euskalduntasuna?”, “ametsak egia bihur daitezke”? eta “zein garai historikora joan nahiko zenuke?”. Eusko Ikaskuntzak zein Euskarabentura elkarteak lanak baloratu ostean, hauek dira herrialdeka kamiseta laranja eramango duten parte hartzaileen datuak: bizkaitarrak 45 (%34,62), gipuzkoarrak 29 (%22,30), nafarrak 26 (%20), arabarrak 13 (%10), lapurtarrak 7 (%5,38), behe-nafarrak 6 (%4,62), zuberotarrak 1 (%0.77) eta diasporakoak (Sant Cugat del Vallés, Bartzelona, Herrialde Katalanak) 3 (%2.31).
Sexuari erreparatuta, % 59,23 emakumeak dira (77) eta % 40,77, aldiz, gizonak (53). Gazteekin batera espedizioa egingo duen lan taldea 24 kidek osatuko dute.