Alabaren ametsei tiraka, 'Odol ilargiaren alaba'

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 17a

Kepa Iribarrek gazteei zuzendutako fantasiazko eleberria kaleratu du: Odol ilargiaren alaba. Haren arabera, "abentura bat bizitzearen gozamena da" liburua, baina, aldi berean, beste hainbat gai ere jorratzen dituena. Euskaraz fantasiazko lanen artean zegoen hutsunea betetzeko asmoz idatzi du. 

Kepa Iribarrek (Getaria, 1975) bere ibilbideko hirugarren liburua kaleratu du, baina aurreko bien aldean –72 ordu (2022) eta Erleen azken ziztada (2025)–, ezberdina: oraingo honetan, gazteei zuzendutako fantasiazko eleberria idatzi du, "arrazoi pertsonal" bat tarteko: "Irakurle asko ditu fantasiak; tartean, nire alaba. Alabak beti horrelako istorioak gazteleraz irakurtzen ditu, salbuespenen bat kenduta. Eta egun batean, zera esan zidan: 'Euskaraz ez dago, eta zuk idatzi beharko duzu'. Pentsatu nuen ahalegina egingo nuela". Alabaren ametsei tiraka sortu du Arroabeko bizilagunak, beraz, Odol ilargiaren alaba (Erein). 

Idazleak gaur goizean aurkeztu du eleberria Donostian, eta ekitaldian parte hartu dute Iribarrek berak eta Inazio Mujika Iraola editoreak. Azken horrek azaldu du "fantasia epikoaren" generoan kokatzen dela lana, eta Ereinentzat "pozgarria" dela genero horretako lan bati babesa ematea, "irakurle potentzial asko" dituelako fantasiak. "Fantasia ez da bigarren mailako literatura, mundu osoan milioika irakurle baititu". Haren arabera, normalean genero horretako lanak itzuli egiten dira beste hizkuntzetatik, baina kasu honetan, Iribarrek euskaraz sortu du eleberria, irakurleek euskaraz irakurtzeko. Hark lau hitzetan laburtu du bere ustez "kalitate handikoa" den lana: "Fantasia epikoa, abentura, misterioa eta emozioa". Erritmo biziko lana dela esan du, kapitulu laburrak dituena. "Gazteengana iristeko desioa eta aukera daukagu", nabarmendu du.  

Iribarrek esan du "abentura handi bat" dela nobela, "abentura bat bizitzearen gozamena", baina, aldi berean, beste hainbat gauza kontatzen dituena. Horretarako, mundu berri bat sortu du, "askatasun osoz". Magia ageri da, munstroak, jainkoak, leinuak, sinesmenak, sekretuak, borrokak, manipulazioa... Genero aldetik, liburua idazteak ez duela hainbeste eragiten kontatu du Iribarrek: "Istorioa sortzea kontakizuna korapilatzea eta gero askatzea da, eta horretan generoak ez dauka horrenbesteko pisurik. Baina istoria non kokatu, hori bai izan da ezberdina. Orain arteko lanetan existitzen zen leku bat deskribatu dut, eta kasu honetan, mundu berri bat sortu dut. Ikaragarri gozatu dut horretan".

Kanpoko eta barruko bidaia

Ranjartian izeneko lurraldean kokatzen da kontakizuna. Liv da protagonista, 16 urteko neskato bat, Modron basoan bizi dena. Gau batean, bere bizitza goitik behera aldatuko duen zerbait gertatuko da, eta ihes egin beharko du etxetik. Nobela ihesaldi horren kontakizuna da. Lehen pertsonan kontatuko du Livek istorioa, eta irakurlea harekin batera joango da lurraldea ezagutzen. Bidaia bat egingo du pertsonaiak lurraldean, baina kanpotik ez ezik, barrutik ere egingo du bidaia: izaeraz aldatuko da, fisikoki ere bai... Bidaia horretan ezagutuko ditu laguntasuna, beldurra, ausardia, maitasuna, eta baita bere burua ere. Dena den, irakurleak istorioa ez du ezagutuko Liven begietatik bakarrik; hirugarren pertsonan kontatuko duen narratzaile baten ahotsa ere badago. Horrez gain, "elementu berezi bat" erabili nahi zuen idazleak, eta horregatik aukeratu du odol ilargiaren kontzeptua. Horrek zerikusia izango du nobelaren hasieran ageri den profeziarekin. 

Iribarrek uste du, irakurtzeko ez ezik, bizitzarako ere balio duela Livi eleberrian zehar gertatzen zaionak: "Bat-batean bizitza goitik behera aldatuko zaio, berak nahi ez zuela. Ihes egin beharko du, eta bidean, bera baino emakume jakintsuagoak aurkituko ditu. Denek gauza bera esango diote: bidea ez duela norberak aukeratzen, baina bidean pausoak nola eman bai". Ihesaldian zehar, horretaz konturatzen joango da protagonista. 

Liburuaren azala eta barruko mapak Iban Landak egin ditu, eta Iribarren arabera, oso ondo asmatu du hark idazleak kontatu nahi zuen hori irudien bidez jasotzen. Irakurleak Odol ilargiaren alaba-ren abenturan murgiltzera gonbidatu ditu Iribarrek. "Fantasiazaleentzat aukera bat da, eta zale ez direnek ere aukera bat izan dezakete", esan du. 

Hemen irakur daiteke liburuaren hasierako zatia. 

Kepa Iribar eta Inazio Mujika Iraola. (Erein)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide