Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko lau kontzertu izango dira eskualdean

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 17a

Jose Luis Frantzesena. (Donostiako Musika Hamabostaldia)

Abuztuan zehar, Donostiako 87. Musika Hamabostaldiaren barruko lau emanaldi ikusteko aukera izango da Urola Kostan. Zehazki, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zumaian izango dira kontzertuak.

Donostiako 87. Musika Hamabostaldia Urola Kosta eskualderaino iritsiko da beste urte batez. Abuztuan, dozenaka kontzertu ikusteko aukera eskainiko du musika jaialdi horrek, eta horietako lau izango dira eskualdean eskainiko dituztenak. Hain justu, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zumaian izango dira emanaldiak. 

Abuztuaren 8an, larunbatez, Azpeitiko Loiolako santutegian izango da lehen kontzertua (20:00). Saskia Rouges organistak eta Francisco Gil adar ingeles jotzaileak eskainiko dute emanaldia han. Bikoteak Sibelius, Andree, Breilh-Decruck, Smith-Price, Sowerby eta beste hainbat konpositoreren doinuak eskainiko ditu. 

Abuztuaren 9an, igandez, Manuel Ruiz kontratenorrak Iliber ensemblearekin batera emango du kontzertua, Zumaiako San Pedro parrokian (20:00). Dario Tamayok zuzenduta, Mar Blascok eta Cristina Altemirrek (biolina), Marta Samperek (da braccio viola), Hector Hervasek (biolontxeloa), Javier Utrabok (kontrabaxua) eta Anibal Sorianok (tiorba eta gitarra barrokoa) osatuko dute ensemblean. Heroe desvelado izeneko lana aurkeztuko dute horiek guztiek, Haendel, Hasse eta Vivaldi konpositoreen operek osatutako pieza. 

Abuztuaren 13an, ostegunez, Azkoitiko Andre Maria Jasokundeko parrokian izango da kontzertua (20:00). Jose Luis Frantzesena Azkoitiko parrokia horretako Cavaille-Coll organoaren titularrak eskainiko du emanaldia. Beristain, Garbizu eta Frantzesena musikarien lanak eta bestelako inprobisazioak joko ditu hark. Dena den, Mariatxen Urkia sopranoa, Txalkor txistulari taldea eta Sahatsa dantza taldea izango ditu bidelagun hark. 

Abuztuaren 23an, igandez, Miriam Hontana eta Sonia Benavent biolin jotzaileek joko dute Orioko San Nikolas parrokian. Imitazione izeneko kontzertua eskainiko du bikoteak, eta besteak beste, Vivaldi, Bach, Rameau, Leclair, Telemann, Purcell eta Rebel konpositoreen obrak aurkeztuko dituzte. 

Denak, doako kontzertuak

Donostiako Musika Hamabostaldiak jakitera eman duenez, Urola Kostan eskainiko dituzte kontzertu horiek guztiek ikusteko sarrera doakoa izango da. Dena den, emanaldi bakoitza eskainiko duten gunearen edukiera bete arte izango dituzte zabalik ateak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide