Etxauriko Harriak harri jasotze txapelketa irabazi dute Olaia Esnaolak eta Oier Azpeitiak

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 16a

Olaia Esnaola eta Oier Azpeitia Etxaurin, saria eskuetan. (Utzitakoa)

68 kiloko Lurgorriako Harria 29 aldiz altxatzea lortu zuen igandean Esnaolak, errekorra hautsiz. Azpeitiak, berriz, 136,5 kiloko Etxauriko Harriari zortzi altxaldi egin zizkion, garaipena erdietsiz. 

Etxauriko Harriak harri jasotze txapelketa irabazi dute Olaia Esnaola eta Oier Azpeitia harri jasotzaileek. Etxaurin (Nafarroa) jokatu zuten lehia igandean, hango festetan, eta eskualdeko bi harri jasotzaileek egin zituzten harri baldarren altxaldi gehien.

68 kiloko Lurgorriako Harria zen emakume harri jasotzaileek altxatu beharrekoa, eta Olaia Esnaola azpeitiarrak 29 aldiz jaso zuen harri baldarra, iaz Esnaola berak 28 altxaldirekin ezarri zuen errekorra hautsiz. Bigarren postua Ane Cestauk erdietsi zuen, 28 altxaldi eginda; Sara Jimenez de Aberasturik 26 jasoaldi egin zituen eta Ane Atxutegik 23.

"Lan txukuna egitera joan nintzen, ezer gehiago espero gabe. Iazko 28 altxaldi berriro egin nahi nituen; hori zen nire aurtengo helburua. Ez nintzen urduri joan, baina bai tripako minez. Hala ere, ongi ibili nintzen, eta helburua ongi beteta eta txapelarekin itzuli nintzen etxera. Lortutakoarekin oso gustura nago", azaldu du Esnaolak. Berarekin entrenatzen dutenei eta txapelketaren antolatzaileei eskerrak eman dizkie.

Gizonetan, berriz, 136,5 kiloko Etxauriko Harria zen altxatu beharrekoa, eta Oier Azpeitia zarauztarrak irabazi zuen lehia, harri baldarra zortzi aldiz altxatzea lortu baitzuen. Zelai V.ak zazpi altxaldi egin zituen; Oskar Aguasek sei eta Alex Merlok bi. 

Duela urtebete inguru hasi zen Azpeitia harri jasotzen, Joseba Ostolazaren eskolan. "Formarik ez daukaten harri baldarrekin ongi moldatu izan naiz denbora honetan, eta Etxaurikoarekin ere ongi moldatzea espero nuen", azaldu du. Ordea, txapelketaren aurretik harriari pare bat altxaldi egiteko aukera eman zieten parte hartzaileei, probatzeko, eta Azpeitiari ez zitzaion harria gustatu. "Esperotakoaren aldean gaizki ibili nintzen proban, eta, ondorioz, motibaziorik gabe iritsi nintzen lehiara. Asko jota, lauzpabost altxaldi egitea espero nuen, eta gustura geratzeko moduko lana iruditzen zitzaidan kopuru hori. Azkenean harria zortzi aldiz jasotzea lortu nuen. Hasiberritan halako plaza zorrotz batean txapela irabaztea ohore handia izan da niretzat", dio Azpeitiak. Harri eskolan lagundu diotenei eskerrak eman dizkie zarauztarrak, eta Etxauriko jendearen gertutasuna ere eskertu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide