Larunbateko Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte eskualdean

Intza Trula 2026ko ekainaren 15a

Hainbat lagun larunbatean Bilbon egingo duten manifestazioa iragartzeko prentsaurrekoan. (e20 manifestazioa)

"Ertzaintzaren inpunitatea" salatzeko eta "Jaurlaritzaren kriminalizazioren aurka" protesta egingo dute larunbatean, hilak 20, Bilbon. Azkoititik, Azpeititik, Zestoatik, Getariatik, Zarauztik eta Zumaiatik autobusak jarri dituzte, eta txartelak Azkoitiko Dean, Azpeitiko Haginpe, Zarauzko Mauka eta Zumaiako Nikol tabernetan eros daitezke.

Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean, manifestazioa egingo dute larunbat honetan Bilbon. Hara joateko eta handik Getariara, Zarautzera eta Zumaiara itzultzeko autobusak antolatu dituzte GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, eta txartelak Zarauzko Mauka eta Zumaiako Nikol tabernetan daude eskuragarri.

17:30ean hasiko da Larunbateko martxa Bilbon, Moyua plazatik, eta autobusen ordutegia, berriz, ondorengoa izango da: Zarauztik 15:30ean aterako da, Getariatik igaroko da 15:40ean, eta Zumaiakoak jasoko ditu 15:45ean.

Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan ere antolatu dituzte autobusak, eta dagoeneko salgai daude txartelak Azkoitiko Dean eta Azpeitiko Haginpe tabernetan. Hiru herrietatik igaroko da autobusa, honako ordutegi honetan: 15:00etan Zestoako autobus geltokitik; 15:15ean Azpeitiko anbulatorioaren aurretik; eta 15:30ean Azkoitiko Eroski saltoki txikiaren aurretik.

Manifestazioaren deitzaileak dira Euskal Herriko Global Samud flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-Urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Mbolo Moyo Doole.

"Ertzaintzaren inpunitatea" salatzea eta "Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurka" protesta egitea dira manifestazioaren helburu nagusiak. "Errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da", esan dute manifestazioaren antolatzaileek. Hori hala, "eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso gehiago egon ez daitezen" mobilizatuko direla azpimarratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide