"Lortu dugu kongresuak zeukan helburua betetzea"

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 12a

Nagore Arakistain, Bittor Argiñano eta Janitz Larrañaga Ernaiko militanteak. (Ekaitz Etxabe)

Ernai gazte antolakundeak bere IV. kongresua burutu berri du. Antolakundeko militanteak dira Nagore Arakistain, Bittor Argiñano eta Janitz Larrañaga. Ernaik, aurrerantzean, "Euskal Herriaren alde" eta "gazteen kezka eta beharren alde" borrokan jarraituko duela ziurtatu dute.

Momentuko beharrei "erantzuteko" eta antolakundearen etorkizuna "finkatzeko" helburuarekin egin ohi du Ernaik lau urtetik behin bere kongresua. Nagore Arakistain (Zumaia, 2006), Bittor Argiñano (Zarautz, 2006) eta Janitz Larrañaga (Azpeitia, 2005) antolakundeko militanteen esanetan, lortu dute "kongresuak zeukan helburua betetzea".

Zein izaten dira egin ohi dituzuen kongresuen helburuak?

Bittor Argiñano: Lau urtetik behin egiten dugun prozesu bat izan ohi da, antolakundearen etorkizuna finkatzeko eta momentuko beharrei erantzuteko helburuarekin. Aurten, kongresua urtebete aurreratzea erabaki dugu, mundua erritmo azkarrean eraldatzen ari dela ikusi baitugu. Urtebeteko egitasmoa izan da, askapen prozesuaren une honetako egoerari begiratuta gazte antolakundeak zein forma hartu behar duen zehazteko xedearekin. Nik uste dut lortu dugula kongresuaren helburua betetzea.

Zein izan dira IV. kongresutik atera dituzuen ondorio nagusiak?

Janitz Larrañaga: Atera dugun ondorio nagusia izan da Euskal Herria eta gizartea bidegurutze batean daudela. Bizi garen gizarte kapitalista metaketa fase batean dago, eta fase hori erabakigarria izan daiteke Euskal Herriarentzat eta gizartearentzat. Ernaik, horri begira eta gazteriaren egoerari begira, bi zutabe edo konpromiso politiko berretsi ditu: batetik, Euskal Herriaren alde; eta, bestetik, Euskal Herriko gazteriaren kezka eta beharren alde borrokatuko duela.

Beraz, oraintxe bertan Ernairen lehentasun politikoak Euskal Herriaren alde borrokatzea eta gazteen beharrei erantzutea dira?

Nagore Arakistain: Bai, hori guztia modu zentratu eta zabal batean egingo dugu. Zentratua, zehaztuta dauzkagulako gure helburuak eta egitekoak zein diren; eta zabala, ahalik eta leku gehienetara iritsi nahi dugulako, jendeak Ernai erreferentzia gisara izateko.

Zein izango lirateke aipatutako kezka eta behar horiek?

B. A.: Gure asmoa gazteen behar eta kezka horiek erdigunera ekartzea eta horiek politizatzea da. Kapitalismoaren metaketa fase berri honek ekarri duen eredu basatia izango litzateke kezka eta behar nagusienetako bat. Eredu horren ondorioak dira gazteon prekarizazioa eta zuzenki eragiten digun krisi kapitalista zisheteropatriarkala. Beraz, kezka nagusi gisa gazteon prekarizazioa, gazteok eskulan merkeak garela aprobetxatuz sistemak jokatzeko duen modua eta emakumeen eta transmaribibolloen auzia identifikatzen ditugu.

Etxebizitzen gaia ere oso eztabaidatua da gaur egun. Ondoriorik atera duzue horren inguruan?

N. A.: Ez da kongresuan landutako gai nagusietakoa izan, baina gazteok ditugun kezkei erantzuteko nahiarekin lotuta dago. Horren aurrean badugu erantzuna emateko asmoa. Kezka hori daukaten gazteak politizatzeko eta askapen prozesuaren bidez halako arazoei aurre egiteko gai den antolakunde bakarra Ernai dela erakusteko aukera daukagu.

J. L.: Etxebizitzaren gaia oso lotuta dago gazteok bizi duin bat garatzeko daukagun ezintasunarekin. Beraz, gazteon kezketako bat da etxebizitzarena, duela bi aste Zarautzen egin genuen mobilizazioan erakutsi genuen gisan.

B. A.: Etxebizitzarena kongresuko gai nagusietako bat izan ez bada ere, finkatu dugu gazteon nahi, behar eta kezka horien aurrean badugula alternatiba integral bat: Euskal Herri aske bat sortzea. Erabakitzeko eskumena izan nahi dugu, etxebizitza merkatuan eskua sartzea eta burujabetza horretatik abiatuta, planteatutako kezkei aurre egitea.

Eskualdeari dagokionez, zein arazo nagusi ikusten dituzue oraintxe bertan?

B. A.: Hasteko, etxebizitzarena. Bestela, turistifikazioa ere arazo handi bat da. Kostaldean gauden heinean, Zarautz turistei bideratutako herri bat da eta herri eredu horrek kezkatu egiten gaitu, guztia turistei bideratuta baitago. Diru asko inbertitzen da horretan eta gazteok ez daukagu gure proiektuak aurrera ateratzeko ez aurrekonturik eta ez dirurik. Dirua alde batera bideratzen den heinean, beste batzuk ezer gabe geratzen gara.

N. A.: Azkenean, zentrifikazio eta turistifikazio horrek gazteongan gero eta prekarizazio handiagoa dakar.

J. L.: Horrek guztiak dakarren asimilazio nazionala ere kezkatzekoa da. Kostari dagokionez, gero eta bisitari gehiago etortzen da gurera eta ez dute kontuan izaten Euskal Herrian daudela. Turistek pentsatu ohi dute Espainiara datozela, eta uste dut horrek bai dakarrela arazo bat.

Faxismoaren gorakadaren gaia ere tratatu ohi duzue. Horren aurrean, zer?

J. L.: Hasteko, kontuan hartu behar dugu Euskal Herrian faxismoak espainolismoaren forma hartzen duela. Krisi nazional eta kapitalista batean sartzen ari gara, eta horren aurrean ideia erreakzionarioak ari dira agertzen. Horrenbestez, Ernaik argi eta garbi Euskal Herriaren independentziaren ideia helarazten du. Euskal Herria askea izango da baldin eta sozialista eta feminista bada. Azkenean, faxistei gehien izorratzen diena Euskal Herriak duen izaera borrokatzailea bada, Ernaik horrela egingo dio aurre. Faxismoaren aurka jardun konstantea izanaz eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat aldarrikatuz borrokatuko dugu faxismoaren aurka. Faxismoaren ezaugarri nagusia espainolismoa bada, Euskal Herria askatzea helburu duen proiektu bat borroka antifaxista moduan har dezakegula uste dut.

N. A.: Mundua krisi egoera batean dago, eta egoera ezegonkor horrek Euskal Herriari zuzenki eragiten dio. Testuinguru honetan, Euskal Herriari erabakitze eskubidea ukatzen zaio, eta horren aurrean independismotik abiatuta joango gara gure eskubideak aldarrikatzera.

Aipatutako arazo horien aurrean, zer planteatzen duzue?

B. A.: Gure egitekoa da aldaketa sozial eta politikoa gazte eremutik sustatzea. Horren barruan, garrantzitsua da gazteria agente aktibo bilakatzea. Ernai ahalik eta gazte gehienentzat etxe eta eskola izatea zein borrokarako tresna nagusi bilakatzea da gure helburu nagusietako bat. Hori gehiago finkatze aldera, nazio askapenari ekarpena egiten dion edozein mugimendutan Ernai presente izatea eta gazteentzat erreferentzialtasun hori bilatzea planteatzen dugu.

J. L.: Ernairen beste helburuetako bat da Euskal Herrian antolatzen diren borroka molde desberdinetara gazteak eramatea. Hainbat ziklo mobilizatzaile antolatu ditugu ikasturte honetan, hala nola greba orokorra edo Palestinaren aldeko lanuzte orokorra. Uste dugu hori ere badela Ernairen funtzioetako bat: Ernai borroka tresna gisa erabiltzea ez ezik, Ernairen bidez gazteak hainbat ekimen nazional eta mobilizazio ziklotara bultzatzea.

Beraz, zein izango dira orain emango dituzuen pausoak?

J. L.: Ernaik Euskal Herriaren aldeko borrokan eta gazteon kezkei eta beharrei erantzuna ematen jarraituko du. Gazte independentista eta aurrerakoi orori dei egin nahi diogu Ernaira gerturatzeko. Ernai zentratzera eta zabaltzera goazen neurrian, guk ere antolatzeko espazio gehiago eskainiko ditugu, Euskal Herriaren askapen prozesuari bultzada bat emateko eta gazteriaren beharrei erantzuteko.

N. A.: Kongresuan zenbait eremu estrategiko finkatu genituen: euskararen aldeko borroka, feminismoak eskaintzen duen perspektiba integrala, jatorri eta kultura aniztasuna, hezkuntzak gure eguneroko lanean pisu nabarmena izatea eta tokian tokiko askotariko espazioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide