Ehunka lagun igo dira Pagoetara, natura parkearen eguna ospatzera

Intza Trula 2026ko ekainaren 7a

Eguraldi apartarekin ospatu dute gaur goizean Pagoeta natura parkearen eguna. Familian zein lagunartean igo dira ehunka herritar bertara, eta, beste beste, trikitilarien emanaldia eta jan-edanerako aukera izan da.

Eguraldi ezin hobearekin igo dira herritarrak gaur goizean Pagoetara, natura parkearen eguna ospatzera. Ehunka lagun batu ditu hitzorduak, eta jendea familia giroan zein lagunartean joan da bertara. Asmo bera zuten guztiek: naturaz gozatu eta ondo pasatzea, alegia.

Askotariko jarduerak izan dira goiz partean bertan, eta guztiak trikitilarien doinuekin zein jan-edanerako aukerarekin lagunduta izan dira. Esaterako, Aitor Iraeta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko kideak pottoken inguruko azalpenak eman ditu. Halaber, Urnietako (Gipuzkoa) Basabizi zentroan sendatutako hegazti bat erakutsi dute, eta jakitera eman dutenez, gauean askatuko dute, gaueko hegaztia baita.

Gainera, euskal makila borrokaren erakustaldia ere egin du Oiartzungo (Gipuzkoa) taldeak. Teknika hori borrokarako eta defentsarako erabiltzen zen antzinan Euskal Herrian, eta teknikaren inguruko azalpenak emateaz arduratu da Jose Inazio Ganboa Euskal Makil Jokoa elkarteko kidea.

(Argazkiak: Gorka Eizagirre eta Amaia Agote)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide