Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek Iruñeko kaleak betetzeko mobilizazioa deitu dute ekainararen 13rako, larunbata. Euskaltzaleon Martxa izena jarri diote deialdiari, eta euskaltzaleak antolatzea, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea eta horretarako "behar den dena" aldarrikatzea xede duen martxa egingo dute.
Deialdiaren sustatzaileek azaldu dute azken hamarkadetan "berreskurapen ziklo bat" gertatu den arren, "gero eta gehiago" direla euskararen etorkizunaren gaineko "kezka eta larritasuna" adierazten dituzten datuak eta ikerketak. Era berean, adierazi dute zailtasun horiei "euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatu" bat erantsi behar zaiela. Horren aurrean, euskararen biziberritzeari "bultzada" emateko garaia dela uste dute Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek. "Abenduko ekitaldian aldarrikatu genuen bezala, posible da pizkunde berri bat eragitea, eta horretarako ezinbestekoa da euskaltzaletasunaren giharra indartzea. Horretara dator ekainaren 13ko mobilizazioa", esan dute.
Mobilizazioa 17:00etan hasiko dute, hiru zutabetan banatuta. Zutabe bakoitzak euskarak "pizkunderako ezinbestekoak" dituen hiru oinarrietako bana ordezkatuko du: ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan jauzia eta euskaltzaletasuna. Runako parketik, Askatasun enparantzatik eta Antoniuttitik abiatuko dituzte zutabeak, eta Gazteluko Plazan egingo dute bat, han egingo dute-eta ekitaldi politikoa.
Autobusak eskualdetik
Herritarrek Iruñeko mobilizazioarekin bat egin dezaten, Urola Kostatik autobusak antolatu dituzte. Azpeititik, Zestoatik eta Zumaiatik izango dira autobusak. Azpeitian, Euskara Mahaiak antolatu du autobusa, eta Sanagustin kulturgunean eman beharko da izena egunotan; 5 euro balioko du Iruñera joan-etorria egiteak, eta 15:00etan abiatuko da autobusa anbulatorioaren aurretik. Zestoan, udaletxean eman behar da izena; eta Zumaian, Larraina euskara elkartearen bidez.