Udalhitz lan hitzarmenaren hobekuntza eskatzeko, ELA eta LAB sindikatuek biharko ere grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak, eta lanuzteak eragina izango du Urola Kostako hainbat herritako udal zerbitzu batzuetan.
Azpeitian, igerilekua dagoen eraikineko jardueretara mugatuko da grebaren eragina. Barruko igerilekua itxita egongo da, eta igerilekuko eraikinean ematen diren ikastaroak ere bertan behera geratuko dira; aldiz, kanpoko igerilekua irekita egongo da.
Orion, udalak jakinarazi duenez, udaletxea, Danbolin musika eta dantza eskola, Kultur Etxea, liburutegia eta Turismo Bulegoa itxita egongo dira. Kanpinean, berriz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte eta irekita egongo dira kiroldegia, Saregile emakumeen etxea eta udalak azpikontratatutako zerbitzuek erabiltzen dituzten eraikinak.
Zestoako Udalak jakinarazi duenez, hango langile publikoek bat egin dute sindikatuen deialdiarekin, eta horrenbestez, udal zerbitzuak itxita egongo dira; hala nola, kiroldegia, liburutegia eta udaletxeko harrera.
Zumaian, udalak jakinarazi du murrizketak izango direla bere mendekoak diren zerbitzuetan: "Ezin izango da udal zerbitzuen ohiko funtzionamendua bermatu".