Mendi ibilaldi neurtuen denboraldia hastear da

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 20a

Hiru mendizale, iazko Zestoako Ibilaldi Neurtuan. (Agiro mendizale taldea)

Etzidamu Aizarnazabalgo I. Mendi Martxa izango da, eta segidako asteburuetan izango dira Iñaki Beitia martxa, Zazpi Kurutze eta Zestoako 24. Ibilaldi Neurtua.

Asteburuan hasita eta hilabeteren barruan, Urola Kosta eskualdeko lau tokitan antolatu dituzte mendi martxak; bi kasutan, gainera, ibilbide laburra nahiz luzea aukeran jarri dituzte.

Larunbat honetan Aizarnazabalen egingo duten mendi martxa berria da, aurreneko aldia izango du. Herritar talde batek antolatu du, Aizarnazabalgo Udalaren laguntzarekin. Bi ibilbide jarri dituzte aukeran: motza, 8,6 kilometrokoa eta 400 metroko desnibel positiboduna da. Ibilbide luzeak, berriz, 20 kilometro eta 1.068 metroko desnibel positiboa ditu. Bietan izena emateko aukera dago martxaren egunera arte Herrikrosa.eus webgunean, 15 euro ordainduta. Ibilbide luzean parte hartzen dutenek 09:00etan irtengo dute Aizarnazabalgo plazatik, eta lehendabizi ibilbide motzaren bidea egingo dute, Iraeta eta Ibañarrieta aldera joz. Handik, Larraskaindik eta Etxabe auzotik barrena ibiliko dira, berriro herrigunera itzuliz. Ibilbide luzea egin behar dutenek, bidea segitzeko Indamendi inguratuko dute San Kristobaletik igoz eta jaitsiz, plazan bukatzeko. Ibilbide motzekoek 10:00etan irtengo dute plazatik.

Maiatzaren azkenean izango da hurrengo mendi ibilaldi neurtua: Iñaki Beitia mendi martxaren 28. aldia hilaren 31n egingo dute, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta, 07:00-07:30 aldera. Aurten, 30 kilometroko luzera eta 1.800 metroko desnibela duen bideari egin beharko diote aurre parte hartzaileek. Izazpi, Pagotxeta, Samiño, Oñamendi, Aizpurutxo, Trekutz eta Irimo igaro beharko dituzte, atzera irteera puntura itzuli aurretik. Iñaki Beitia mendi martxaren webgunean eman daiteke izena hilaren 29rako, 10 euro ordainduta.

Iñaki Beitia mendi martxaren ondoren, ia astebetera, ekainaren 6an, Anaitasuna mendi bazkunak bi urtetik behin antolatzen duen Zazpi Kurutze mendi martxa izango da, 06:00etan Azkoitiko plazatik hasita. Ohiko moduan, Azkoitiko eta inguruko zazpi mendi gailur igaroko dituzte mendizaleek 46 kilometroko ibilbidea eginda, eta han parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Zirkuitua.com webgunean, Presalde gozotegian eta Lopetegi iturgintzan. 22 euro ordaindu beharko da izen ematea, eta azken astean inskribatzen direnek, berriz, 25 euro ordaindu beharko dituzte.

Ekainaren 13rako, berriz, Zestoako 24. Ibilaldi Neurtua antolatu du Agiro mendizale taldeak. Ohi bezala, bi ibilbide jarri dituzte aukeran mendizaleentzako: 18,7 kilometroko ibilbide motza, eta 26,33 kilometroko ibilbide luzea. Motzak irteera 08:00etan izango du Zestoako plazatik, eta luzeak, berriz, 07:00etan, toki beretik. Ibilaldi neurturako izen ematea 15 euro ordaindu beharko da eta izena Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide