Eskualdeko langileak Zumaian mobilizatzera deitu ditu LABek

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 1a

Iaz Maiatzaren 1ean Zumaian egindako protesta. (Maria Maia Manterola)

Soilik LAB mobilizatuko da Urola Kostan gaur, Maiatzaren Lehenean. ELAk Bilbon eta Iruñean deitu ditu manifestazioak, eta Iruñeko kaleak hartzeko deia egin dute Urola Erdiko nahiz Urola Kostako Kontseilu Sozialistek. Gerren kontrako jarrera mobilizazioen lehen lerroan izango da.

Langileen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Euskal Herriko sindikatu eta eragile nagusiak mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Eskualdeko langileak Zumaian mobilizatzera deitu ditu LABek; horixe izango da Urola Kostan egingo duten manifestazio bakarra. ELAk Bilbora eta Iruñera joateko deialdia egin du, eta Nafarroako hiriburuan manifestazio nazionala egingo du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak.

LABek Zumaian deitutako manifestazioa 12:00etan abiatuko da Beheko plazatik, eta herriko kaleak zeharkatu ostean, ekitaldi politikoa egingo du sindikatuak. Manifestazioaz gain, herri bazkaria ere egingo dute, 14:00etan Kofradiako plazatxoan.

Langileok eragin lelopean, sindikatu abertzaleak 26 manifestazio deitu ditu gaurko Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan, eta horietako bat izango da eguerdirako Zumaian antolatu duen eskualde mailako protesta. Horietan guztietan, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak diren hiru neurri zehatz aldarrikatuko dituzte: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.

Aurtengo Maiatzaren Lehenean, munduan piztuta dauden gerren kontrako jarrera lehen lerrora ekarriko du LABek. Mobilizazioak iragartzeko egindako aurkezpenean sindikatuak agertu zuenez, aurreko gatazkekin gertatu bezala, patronala "faktura langileei ordainarazten" saiatuko da, "prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan baldintzei eraso eginez". Urola Kostan horren adibidez zehatzak daudela adierazi zuen, eta Sidenor, Juaristi, Aitek edo Estaños Matienako lan gatazkak gogoratu zituzten.

Bestalde, gaitzetsi zuen patronalak "entzungor" egiten diela "bidezkoak eta bideragarriak" diren gutxieneko soldata propio duina ezartzeko proposamenei. Halaber, salatu zuen Eusko Jaurlaritzak zein UGT eta CCOO sindikatuek elkarrizketa soziala "instituzionalizatzeko asmoa" erakutsi dutela, "euskal langileen beharrei muzin eginez, gehiengo sindikalari bizkarra emanez eta atxikimendu politikoaren salerosketaren eskema hauspotuz".

ELA, gutxieneko soldatari begira

Martxoaren 17ko greba orokorrean egin bezala, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.500 eurora igotzeko aldarrikapena zabalduko du ELAk, Euskal Herriko beste sindikatu nagusiak. Hain zuzen, LGS 1.500; jo ta ke, hemen erabaki arte leloa aukeratu du Bilbon nahiz Iruñean deitu dituen mobilizazioetarako.

ELAren esanetan, LGS propioa aldarrikatzea sindikatuaren oinarrizko estrategia da gaur-gaurkoz, horregatik, patronalei, gobernuei nahiz alderdi politikoei zuzenduko zaie gaurko egunez, gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko lan egin dezatela exijituz. “Euskal Herriaren burujabetza areagotu beharra dago. Zenbat eta gertuago egon erabakigunea, neurri politikoak are justuagoak izango dira”, baieztatu zuten sindikatuaren arduradunek mobilizazioak iragartzeko prentsaurrekoan.

1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeaz gain, faxismoaren kontrako oihua ere zabalduko du ELAk Maiatzaren Lehenean. “Eskuina eta eskuin muturra LGSaren kontra agertzeak pista bat ematen du: faxismoa gora doanean, soldaten aldeko borroka, definizioz, ekintza antifaxista da”, adierazi zuen.

Kontseilu Sozialista, Iruñera

Nazioarteko testuingurura begira jarriko da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurtengo Maiatzaren Lehenean, eta Gerra inperialistaren aurka. NATO desegin, sionismoa suntsitu leloa zabalduko du Iruñean 12:30erako deitu duen manifestazio nazionalean. Eskualdeko langileak hara joatera deitu dituzte Urola Erdiko nahiz Urola Kostako Kontseilu Sozialistek.

Erakunde horrek salatu zuenez, egun piztuta dauden gerrak “gero eta intentsitate handiagoa” hartzen ari dira, eta Urola Kostako zenbait enpresek horretan duten ardura salatu zuen asteartean Tecnaliak Azpeitian duen egoitzaren aurrean egindako agerraldian. "Xubi Groupek gerrarako askotariko materiala ekoizteko (Leopard tankeak, droneak, sateliteak...) piezak egiten ditu. Sidenor ere, sektore militarrerako hainbat pieza ekoizten ari da. Eta berriki frogatu den moduan, Israeli ere materiala bidaltzen jardun du azken urteetan. Tecnaliari dagokionez, Ikerketan eta garapenean jarduten du batez ere, baita gaitasun militarretara eta segurtasunera bideraturiko teknologian ere. Gainera, Xubik nahiz Tecnaliak material militarreko ferietan parte hartu izan dute", adierazi zuten.

Ildo beretik, Kontseilu Sozialistak salatu zuen mendebaldeko potentziek inperialismoaren krisia lehuntzeko "aterabide gerrazalearen hautua" egin dutela: "AEBk eta Israelek abiatutako ofentsibari jarraitu diote erabat mende hartuta dauden NATO eta Europar Batasunak. Hori dela eta, kapitalismoaren aurpegirik gordinena ikusten ari gara: genozidioak, presidenteak bahitzea, kubatarrak gosez hiltzea… Horixe nahi dute munduko langileriarentzat: pobretzea, gerra eta heriotza".

Horregatik, Europako Batasunari, NATOri eta sionismoari ezetz esateko eta gerra inperialisten aurka egiteko baliatuko du Maiatzaren Lehena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide