Errepidea itxiko dute ostegunean Nuarbe eta Beizama artean

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 28a

Nuarbe eta Beizama arteko GI-3720 errepideko lanak otsailean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

GI-3720 errepidearen Nuarbe eta Beizama arteko zatia hobetzen ari dira. Asfaltatzeko lanak egiteko ostegunean, apirilaren 30ean, itxi egingo dute errepidea trafikoarentzako 09:00etatik 18:00etara. Tarte horretan, Beizamatik Azpeitirako joan-etorriak Urrakitik edota Bidania-Goiazko errepidetik egin beharko dira.

Urtarrilean hasi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatia zabaltzeko eta hobetzeko lanak. Lanen eragina ezagutu dute errepide horretatik ibiltzen direnek, baina ostegunean egun osoan itxita egongo da errepidea, asfaltatze lanak egin beharko dituztelako. Hain zuzen, 09:00etatik 18:00etara itxiko dute trafikoarentzako bidea, nahiz eta lanak 08:00etatik 19:00etara egingo dituzten.

Ondorioz, ostegunean errepidea itxita dagoen bitartean, Bidania-Goiazko errepidetik egin beharko dira autoz Beizamatik Azpeitira –GI-3740 errepidetik, Urrakin barrena– edota Errezilera arteko joan-etorriak –GI-2634 errepidetik–. Hain zuzen ere, errepide mozketaren abisuak jarriko dituzte Beizamako irteeran, Nuarberako noranzkoan, GI-2634 errepidearekiko bidegurutzean; eta Nuarben, GI-2635 errepidearekiko bidegurutzean.

Gipuzkoako Foru Aldundia Nuarbe eta Beizama arteko errepidean egiten ari den lanen helburuak dira bide segurtasuna indartzea, Beizamaren konexioak hobetzea eta errepidea egungo beharretara egokitzea. Errepidearen hainbat puntutan eta bihurgunetan errepidea estua delako ibilgailuen gurutzatzea zailtzen zela adierazi du erakundeak. Horregatik, lur erauzketak, drainatzeko eta plataforma zabaltzeko lanak egin dituzte, eta orain asfaltatu egingo dute errepidea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide