Kamioikada bat produktu bildu dute Kubara bidaltzeko

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 26a

Oinarrizko produktuen bilketa Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak egin dute, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Astean zehar Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako ikastetxeetan jaso dute materiala eta atzo hainbat saltokiren aurrean eta Azpeitiko plazan.

Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bildu dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Blokeo inperialistaren aurka, Kubarekin elkartasuna lelo hartuta, pasa den astean Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako herriko ikastetxeetan bildu zituzten produktuak eta atzo, larunbata, hiru herrietako hainbat saltokitan eta Azpeitiko plazan jarri zituzten materiala biltzeko mahaiak.

Gipuzkoako hainbat herritan jasotako materiala Azpeitiko Esklabak zentro sozialistan bildu dute, han kaxetan sartu, sailkatu eta gaur kamioian sartzeko. Segidan, Euskadi-Cuba elkartearen esku utzi dute bildutakoa, Kubara bidaltzeko.

Kubaren egoera "oso larria" dela adierazi dute bilketaren sustatzaileek, eta egoera hori “iraultzaz geroztik” Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Kubaren aurka izan duten politika "isolazionista eta kriminalen ondorioa" dela salatu dute: "Azken urteetan biziagotu egin du blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere. Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau". 

(Argazkiak: EHKS)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide