Aitzol Apalantzak eta Aritz Uzkudunek irabazi dute Erniope rallysprinta

Urtzi Oteiza eta Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 25a

Aritz Uzkudun eta Aitzol Apalantza. (Ihintza Elustondo)

Ardatz Motorsport klubak antolatuta, 2011. urteaz geroztik jokatu gabe zegoen Erniope rallysprinta berreskuratu dute gaur Errezilen. Apalantza eta Uzkudun ziren lehia irabazteko faboritoetakoak, baina ez dute hain erraza izan Iker Zinkunegiri eta Denis Astigarragari aurrea hartzea. Azkenean, 5,9 segundoko aldearekin gailendu dira, Hyundai 120N Rally 2 autoarekin. 

Hamabost urte eta gero, automobilismo zaleen "aspaldiko ametsa" egia bilakatu du gaur Ardatz Motorsport klubak, Erniope rallysprinta gauzatuta. Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz artean jokatu dute auto lasterketa, 10:00etan hasita. Rallysprinta aurkeztu zutenean, antolatzaileek azaldu zuten Aitzol Apalantza eta Iñaki Alberdi gidariak izango zirela proba irabazteko faboritoak, eta iragarpenak bete egin dira azkenean. Apalantza errezildarra izan da gaurkoan garaile, Aritz Uzkudun kopilotu lasaotarra ondoan zuela, Hyundai 120N Rally 2 autoarekin. Haien ametsa ere, beraz, egia bilakatu da. 

2011n jokatu zuten azkenekoz Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiatz artean rallysprinta, eta gaurkoan eredu bera jarraitu du lasterketak. Lapatxeko zabortegiaren aurrean izan du irteera probak, eta Bidania-Goiatzen helmuga. 13,7 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute gidariek, lau txandatan; goizean bi egin dituzte goraka, eta arratsaldean bi beheraka. Lehen txanda Apalantza-Uzkudun bikoteak irabazi du, eta bigarrena, berriz, Iker Zinkunegik eta Denis Astigarragak osatutakoak; BMW M3 E36 autoarekin lehiatu da bikote hori. Dena den, bigarren txandan gurpila zulatu zaie Apalantzari eta Uzkuduni, eta denbora asko galdu dute horren ondorioz. Hirugarren txandan Apalantza eta Uzkudun nagusitu dira berriro, baina bigarren txandan galdu duten denbora tarteko, azken txandara Zinkunegi eta Astigarraga iritsi dira aurretik. Apalantzak eta Uzkudunek denbora oso ona egin beharra zuten azken txandan bikote horri aurrea hartzeko; izan ere, hamalau segundoko diferentziarekin, aurretik ziren azken txanda hasterako Zinkunegi eta Astigarraga. Dena den, laugarren txandan penalizazio bat jasan du Zinkunegi-Astigarraga bikoteak, eta Apalantzak eta Uzkudunek sekulako denbora egin dute; hori horrela, azken unera arte bi gidarien artean tentsioa izan bada ere, azkenean, Apalantzak eta Uzkudunek lortu dute txapela. Lehen sailkatuengandik 5,9 segundora gelditu dira bigarrenak. Hirugarren postuan Alberto Marcos sailkatu da, Garazi Beitia ondoan zuela, BMW M3 Alpina autoarekin; garaileengandik minutu batera eta 9 segundora gelditu dira hirugarrenak. 

Goitik beherako noranzkoan, Gorka Apalantzak zuen ezarria errekorra, 2007an, Andres Vilariño kopilotu zuela, zazpi minutuan eta zazpi segundoan. Orain baina, haren anaiak, Aitzol Apalantzak hobetu du marka hori, Uzkudunekin batera, goitik beherako txanda zazpi minutuan osatuta.

Hemen ikus daiteke sailkapena osorik. 

Eskualdeko hainbat gidari

Guztira, 46 auto gidarik eta beste hainbeste kopilotuk parte hartu dute gaurko lasterketan. Horietatik erdiak eskualdekoak izan dira: Iraitz Olariaga eta Ion Zubiaurre azkoitiarrak elkarrekin irten dira Honda Civic autoarekin; Iñaki Alberdi azpeitiarrak Izar Aranguren zumaiarra izan du ondoan, Porsche 997 GT3 Cup autoan; Gurutz Agirretxek Mikel Labaka errezildarra izan du ondoan, BMW 1M autoan. Enaitz Etxeberria urrestildarrak Aitor Arregi azpeitiarra izan du kopilotua, BMW E36 M3 autoan. Azpeitiarrek osatutako bikoteak ere ugari izan dira proban: Aratz Buldain eta Irati Intxausti, Ioritz Buldain eta Mikel Zubizarreta, Eneko Alkorta eta Maren Zelarain, Garikoitz Zubizarreta eta Eneko Olaizola, Iñigo Larrañaga eta Jose Miguel Zendoia. Gidari aritu diren emakumeen artean, berriz, Maria Aranberri nuarbetarra dago; Eneritz Urzuriaga kopilotu duela BMW E36 328I autoarekin parte hartu du. Proban parte hartuko duten gidarietatik lau izan dira errezildarrak: Aitzol Apalantza, Gurutz Agirretxe, Iker Zinkunegi eta Amets Irulegi.

Sari banaketa ekitaldia 20:00 aldera egingo dute Azpeitiko Perez Arregi plazan.

Gukak Erniope rallysprintaren bideoa kaleratuko du bihar, gaur hartutako irudiekin osatuta. 

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide