Zozketak eginda, abiatzear dira Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketak

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 22a

Donostian aurkeztu zuten atzo 2026. urteko Herriarteko Txapelketa. (GEPF)

Urola Kosta eskualdeari dagokionean, sei herrik eman dute izena aurtengo txapelketarako: Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak. Maiatzeko lehen asteburuan hasiko dira eskuzko eta erremintako txapelketak, eta hil horren bigarren astean, gomazko paletakoa. Zesta puntako txapelketarik ez da izango aurten, bi herrik eman baitute bakarrik izena.

Eskualdeko pilota elkarteek txapelketa ugari izan ohi dituzte urte guztian zehar, baina elkarte guztien artean bereziena ez bada, berezienetako bat da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) atzo, asteartea, aurkeztu zuen txapelketa Donostian, eta han izan ziren lehian parte hartuko duten elkarteetako zenbait ordezkari. 

Aurtengo edizioan, 24 herrik eman dute izena eskuzko txapelketarako, hamar herrik larruzko paletako zein pala motzeko modalitaterako, eta hemezortzi herrik gomazko paletako txapelketarako. Urola Kosta eskualdeari dagokionean, sei herrik eman dute: Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak. Eskuzkoan, Aiak, Azkoitiak, Azpeitiak eta Zestoak parte hartuko dute; erremintako txapelketan Azpeitia eta Zumaia izango dira ordezkariak; eta gomazko paleta modalitatean Azpeitiak ez, gainerako guztiek.

Azpeitiak eta Zumaiak jokatuko dute larruzko paleta eta pala motza uztartuko dituen modalitatean. Bi herriek final zortzirenetan hasiko dute txapelketa, maiatzaren bigarren asteburuan. Azpeitia koadroaren goiko adarrean izango da, eta Olaberriarekin neurtuko ditu indarrak; joaneko partida etxetik kanpo jokatuko dute, eta itzulerakoa, etxean. Zumaia, berriz, koadroaren beste adarrean da, eta Oiartzun izango du arerio; Zumaiakoek etxean jokatuko dute joanekoa, eta etxetik kanpo, itzulerakoa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide