Dabilen harriari... saioaren hirugarren denboraldia hasiko da bihar, apirilak 21, asteartearekin. Aurrekoetan bezala, Urola Kostako herrietako eta herritarren memoria, euskara eta transmisioa izango dira Gukaren elkarrizketa saioaren hiru ardatz nagusiak.
11 ataletan, astean behin, beren ibilbideez, bizipenez eta oroitzapenez beteko dituzte elkarrizketak beste horrenbeste protagonistak. Orioko Joxe Inazio Saizar Lusarbe, Errezilgo Gloria Escudero, Aiako Pat Cowie eskoziarra, Beizamako Manuel Labaka eta Azkoitiko Laxaro Aleson izango dira denboraldi berriko protagonistetako batzuk.
Hain zuzen ere, Lusarbe harri jasotzaile ohi eta herri kiroletako epaileari eginiko elkarrizketarekin estreinatuko du hirugarren denboraldia Dabilen harriari... saioak. Bihar, asteartea, 21:00etan emango du Gukak elkarrizketa hori, Guka Telebistan zein webgune guztietan.
Datozen asteetan ere egun eta ordu berean estreinatuko ditu Gukak Dabilen harriari... saioaren elkarrizketak.