Marreroren eta Zubeldiaren Reala, Espainiako Koparen txapeldun

Maialen Etxaniz - Ane Olaizola 2026ko apirilaren 19a

Reala, Espainiako Koparekin. Goian, eskuin-eskuinean, Marrero; behean, ezkerretik bosgarrena, Zubeldia. (Reala)

Arauzko denbora eta luzapena 2-2 amaitu ondoren, Realak penaltietan irabazi zion Atletico Madrili atzo. Finaleko protagonista bihurtu da Marrero; atezain azpeitiarra erabakigarria izan da emaitzan, penaltien txandan bi jaurtiketa geratuta. Finaleko jokalari onenaren saria jaso du Loiolakoak. Bestalde, asteburuan Sevillan izan diren eskualdeko realzaleei egindako elkarrizketekin zein hango giroarekin osatutako bideoa argitaratuko du gaur Gukak. 

Unai Marrero eta Igor Zubeldia Realako jokalari azpeitiarrak eta azkoitiarrak Espainiako Kopa irabazi dute. Arauzko denbora eta luzapena 2-2 amaitu ondoren, txuri-urdinek penaltietan irabazi zioten Atletico Madrili atzo, Sevillako (Espainia) Cartuja futbol zelaian, azken uneraino tentsioa nagusi izan zen finalean. Atzokoarekin, Realaren gizonezkoen taldeak historian irabazi duen laugarren Espainiako Kopa eskuratu du: aurrez, 1909an, 1987an eta 2021ean zuen lortua.

Unai Marrero atezain azpeitiarrak balentria galanta egin zuen, eta finaleko protagonista bihurtu zen, erabakigarria izan baita emaitzan, penaltien txandan bi jaurtiketa geratuta. Jokalari onenaren saria ere jaso du hark. "Marrero, Marrero" zioten zale txuri-urdinen oihuek Cartujan, baita zaleen gunean ere. Sevillan bakarrik ez, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartutako ehunka herritarrek ere azpeitiarraren izena oihukatu zuten denbora luzez, partida amaitu berritan. 

Loiolako atezaina hunkituta eta oso pozik mintzatu zen finala amaitu berritan, eta horrenbeste maite duen Azpeitia ekarri zuen gogora EITBri emandako adierazpenetan. Finala irabazita, haren "ametsa egi bihurtu" dela aitortu zuen. Hainbatetan une txarrak pasatu izan dituen arren, "egindako lanaz harro" dagoela aitortu zuen Loiolakoak, eta merezi izan duela. Besarkada bat bidali zuen Azpeitira, eta gogoan izan zituen herria, familia eta lagunak: "Azpeitiarra naiz ni, Loiolakoa. Asko maite dut nire herria, nire lagunak, nire familia ; Azpeitiak dena eman dit. Besarkada handi bat Azpeitiko herriari".

Marrero kopa eskuetan hartuta, Aitor Zabaletaren izena daraman kamisetarekin. (Reala)

Zubeldiak, bere aldetik, ez zuen finala jokatu, lesio baten ondorioz, baina hark ere pozez zoratzen altxatu zuen Espainiako Kopa. Partidaren amaieran, azkoitiarrak etxekoak izan zituen gogoan EITBri egindako adierazpenetan. Pertsonalki "une zailak" bizitzen ari direla adierazi zuen hark, "alaba txikiaren" jaiotzaren geroztik, baina "zorionez guztia ondo" doala azaldu zuen.  

Haiena ez ezik, Oier Agirrezabalaga prestatzaile azpeitiarrarena ere bada garaipena. Gizonen lehen taldeko prestatzailea Cartujan zen atzo, eta haren lanaren emaitza ere bada txuri-urdinek etxera dakarten kopa. Azpeitiarrak hamazazpi urte egin ditu Zubietan lanean, harrobiko hainbat talde eta kategoriatan, eta horietatik hamar urte Realaren bigarren taldean egin zituen. Agirrezabalaga urtarriletik da lehen taldearen prestatzaile fisikoa. 

Finalaren zuzeneko euskarazko kontakizunak ere Urola bailarako esentzia izan zuen. Txetxu Urbieta azpeitiarra eta Maitane Urbieta zumaiarra aritu ziren esatari lanetan Euskadi Irratian emozioz betetako finala kontatzen.  Zumaiako kazetari realzaleak bere ofiziotik ere egin du historia; izan ere, finala euskaraz kontatu duen lehen emakumea izan da.

Oier Agirrezabalaga, Txetxu Urbieta, Unai Marrero eta Maitane Urbieta, atzo. (Utzitakoa)

Festa nonahi

Sevillan, ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat txokotan ere jai giroa nagusitu da bart. Azpeitian jendez lepo bete zen Sanagustin Realaren eta Atletico Madrilen aurkako neurketa ikusteko, eta tentsio une luzeak igaro ostean, jai giroan amaitu zen hitzordua. Kulturgunean ez ezik, herriko hamaika elkarte eta txokotan jarraitu zuten Realaren partida, eta suziriak jaurti zituzten finala amaitu bezain pronto. 

Sanagustin kulturgunea jendez lepo, Espainiako Kopako finalean. (Maialen Etxaniz)

Azkoitian ere ehunka izan ziren udalak plazan jarritako pantaila handiaren bidez partida zuzenean ikusi zutenak. Zaleek txiki utzi zuten plaza, eta gogotik aritu ziren Reala animatzen; amaieran, festa lehertzeraino.

Beheko argazkietan ikus daiteke atzo Azkoitiko plazak hartu zuen itxura: 

Zarautzen, Zelai Ondoko realzaleentzako topagunean jendetza elkartu zen atzo iluntzean Espainiako Kopako finala pantaila erraldoian jarraitzeko. Bukaeraraino emozioz jarraitu zuten partida, baita penaltien txanda ere, eta pozarren ospatu zuten garaipena.

Zumaiarrak santelmoetako repetizioetan murgilduta daude, eta atzo iluntzeko festa giroa aprobetxauz, ehundaka herritar elkartu ziren Odietan, Espainiako Kopako finala pantaila erraldoian ikusteko. Santelmoak ez ezik, Realaren garaipena ere ospatu zuten giro ezinhobean.

Zumaiarrak, santelmoetako zapiak soinean, Espainiako Koparen finala ikusten Odietan. (Juan Luis Romatet)

Bestalde, asteburuan Sevillan izan diren eskualdeko realzaleei egindako elkarrizketekin zein hango giroarekin osatutako bideoa argitaratuko du gaur Gukak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide