Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoala, 37 urteko emakume bat hil zen igande goizaldean Iruñean eraikin bateko hirugarren solairutik erori ostean. Itaiak deituta, heriotza salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan.
Iruñekoa urteko laugarren hilketa matxista dela salatu zuten Itaiako kideek, eta esan zuten gizonak urruntze agindua urratu izanak agerian uzten duela erakundeek hartutako neurriak ez direla nahikoa. Gainera, 2026ko datuek "egoera larria" dela erakusten dutela nabarmendu zuen antolakundeak, azken hamar egunetan bi hilketa matxista izan baitira Euskal Herrian, eta gainera, beste emakume bat hiltzen saiatu zen gizon bat.
2026an Euskal Herrian indarkeria matxistaz lau emakume hil dituzten arren, matxismoa ukatzen duten diskurtsoak zabaltzen ari direla salatu zuten atzoko elkarretaratzeetan: "Datuak beldurgarriak dira, eta bien bitartean emakumeok exajeratu batzuk garela entzun behar izaten dugu, matxismoa ez dela existitzen eta emakumeon aurkako indarkeriarenak kasu isolatuak besterik ez direla dioten diskurtsoak jasan behar izaten ditugu. Errealitateak, ordea, kontrakoa erakusten du, eta matxismoak bere horretan jarraitzen du".
Egoera "larria" dela esan zuen Itaiak, eta beraz, matxismoaren aurkako borrokara batzera deitu zuen, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatzea "ezinbesteko" ikusten baitu antolakundeak. Horrenbestez, indarkeria matxista ororen kontra jarraituko dutela berretsi zuten, "eraso guztiei aurre egiten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen".
Era berean, "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei" aurre egitearen garrantzia nabarmendu zuten: "Indarkeria matxistaren kontra posizionamendu irmoa hartzeko momentua da, emakumeon aurkako jarrerek ez dezaten lekurik izan ez gure kaleetan, ez etxeetan, ez sare sozialetan, ez inon".
Mugimendu Feministaren deialdiak
Azpeitiko nahiz Zumaiako mugimendu feministek ere Iruñeko hilketa matxista plazetan salatzeko elkarretaratze bana deitu dute gaur arratsalderako. Azpeitiko Feministen Sareak 18:30ean egingo du kontzentrazioa, Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean, plazan. Sareak salatu duenez, urtea hasi zenetik Euskal Herrian hiru emakume hil dira indarkeria matxista tarteko.
Zumaiako Mugimendu Feministak, berriz, 19:00etan egingo du mobilizazioa, Saregile plazan.