Bosgarren eta seigarren etapetan igaroko da Euskal Herriko Itzulia eskualdetik

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 5a

Euskal Herriko Itzulia iaz Nuarbetik igarotzen. (Abdoni Elduaien)

Bihar hasiko da Bilbon Euskal Herriko Itzulia. Sei etapa egin beharko dituzte txirrindulariek, eta ostiralean eta larunbatean Urola Kosta eskualdetik igaroko dira. Bosgarren etapan Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretatik igaroko dira; seigarrenean, berriz, Azkoititik igaroko dira.

BIhar, astelehena, hasiko da 2026ko Euskal Herriko Itzulia Bilbon. 22 taldek eta 154 txirrindularik parte hartuko dute, eta sei etapetan 810 kilometro egin beharko dituzte. Etapak honakoak dira: Bilbo-Bilbo, Iruña-Mendukilo kobazuloa, Basauri-Basauri, Galdakao-Galdakao, Eibar-Eibar eta Goizper-Antzuola-Bergara. Azkenengo bi etapetan igaroko dira Itzuliko txirrindulariak eskualdetik.

Apirilaren 10ean, ostiralean, Eibarren (Gipuzkoa) hasi eta Eibarren amaituko duten etapan, Azurki mendatea (1. maila) igo beharko dute txirrindulariek, eta Madariagatik barrena, Azkarate mendatea jaitsi beharko dute. Handik iritsiko da tropela Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidea baliatuta, Azpeitia aldera joko dute. Gero, Azpeititik Errezilgo bidea hartuko dute eta Bentaberriko bidegurutzetik Etumetara igoko dira, eta handik Aizarnatik Iraetara jaitsi eta ondoren Arroabetik Itziarrerako bidea hartuko dute. 176 kilometroko ibilbidea egin ondoren Eibarren bukatuko dute etapa.

Bosgarren etaparen ibilbidea. (Itzulia)

Hurrengo egunean, apirilaren 11n, larunbatean jokatuko dute probaren azken etapa, seigarrena. Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko dute txirrindulariek 135 kilometroko etapa; 3.000 metroko malda positiboari egin beharko diote aurre kirolariek. Kasu honetan, Azkoitiko lurretatik igaroko dira. Guztira, sei mendate igo beharko dituzte: Asentzio (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Asentzio (2. maila). Hori hala, birritan igaroko dira txirrindulariak Elosutik, Azkaratetik eta Azkoitiko herrigunetik. 

Seigarren etaparen ibilbidea. (Itzulia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide