Azken txanpan sartua da 24. Korrika, baina bihar Bilbon hamar eguneko ibilbideari amaiera eman aurretik, gaur arratsaldean Zestoa ere bisitatu du euskararen aldeko mareak. 17:25 inguruan sartu da Korrika Zestoako lurretan, Azpeitia aldetik, eta harrera ezin beroagoa egin diete herritarrek, aterrunea aprobetxatuz.
Lasaon hartu dute aurreneko lekukoa herritarrek, eta errepidetik Enekosauztegi kaletik sartu dira herrigunera. Jendetza bildu da, egundoko marea osatuz; herritarrak ez ezik, inguruko herritako jendea batu da egitasmora, asteburua izanik. Herriko kaleetatik estu-estu igaro ondoren, Arozena parean atera dira lasterkariak errepide nagusira, Azpeitirako bidea hartzeko berriro ere.
Aurtengoan Korrika ez da pasatu Aizarnazabaldik, baina herritarrek parte hartu dute Korrikan, Lasao inguruan lekukoa eraman baitute. Izan ere, kilometroa erosia zuten udalak eta EH Bilduk, eta nahi zuten herritarrek aukera izan dute testigua eramateko, aurrez izena emateko epea egon baita zabalik.
24. Korrika pasatu ondoren, festa giroan jarraitu dute zestoarrek herrian bertan. Aurrena, 19:00etan, Zumaiako Hamarru elektrotxaranga ibili da kalez kale, eta 21:00etan, udaletxe azpian mokadua eta txotxa edukiko dituzte zain euskaltzaleek.
Bihar, ikus-entzunezkoa
Bihar bukatuko da joan zen martxoaren 19an Atharratzen (Zuberoa) hasi zen Korrikaren 24. edizioa, Bilbon. Korrikaren bukaera ekitaldiaren zuzeneko saio berezia egingo dute euskarazko hainbat hedabidek elkarlanean, tartean Gukak, eta saio hori webgune honetan ikusi ahal izango da. Hain zuzen ere, Andoni Elduaien Gukako kazetaria saio horretan ariko da, elkarrizketak egiten.
Bestalde, asteazkenean eta gaur eskualdean jasotako irudiekin nahiz herritarrei egindako elkarrizketekin osatutako ikus-entzunezko saio berezia eskainiko du Gukak bihar iluntzean, webguneetan eta telebistan.
Gukak aurki igoko ditu bildumara Korrikaren furgonetatik ateratako argazkiak.